
gipuzkoakultura - jarduerak
Ostiralean, maiatzak 15, soinumapa.net webgunearen bertsio berria aurkeztuko dute Artelekun. 19:00etan berrikuntzak azalduko dituzte Xabier Erkizia eta Xavier Balderasek. Ondoren, 20:00etan, Miguel A. Garciak kontzertua eskainiko du.
2005ean martxan jarri zenez geroztik SOINUMAPA.NET Euskal Herriko Soinu Mapak izan duen hirugarren eguneraketa da oraingoa, orain arteko garrantzitsuena. Webgunea goitik behera berrantolatu eta berrikuntza nabarmenak ezarri dituzte.
Itxura eta diseinu berriaz gain, erabiltzaileen parte hartzea erraztuko du bertsio berriak. Grabaketak zuzenean webgunetik zintzilikatzeko aukera izango dute eta igotako soinua segundu gutxiren buruan izango da ikusgai mapan.
Soinuak kontsultatu nahi dituenak ere sistema erosoagoa topatuko du. Azken grabaketak zein diren ikusteko aukerak eta RSS jarioaren erabilerak eguneraketak modu errazean jarraitzea ahalbidetuko du, eta kategoria eta tag bidez egin den sailkapenak soinuak errazago bilatzen lagunduko du.
Azken finean, berrikuntza guzti hauek SOINUMAPAren funtzionamendua eta parte hartzea erraztu eta uztartuko dute.