
gipuzkoakultura - jarduerak
« Errore kodea. Serigrafia tailerra | jarduerak | "Oteiza. Bizirako proiektua" erakusketa Bergaran »
HOTS! irratiaren programa berriak Ismael Manterolari eta Erramun Landari eginiko elkarrizketa jasotzen du. Saio hau Soinua arte, soinuaz artea irratsaio sortaren bigarren alea da.
Arte munduko zenbait pertsonarekin soinua eta soinudun artearen inguruan izaniko solasaldiak oinarri dituzten saioak dira Soinua arte, soinuaz artea osatzen dutenak. Oraingoan bi gonbitatu izan dituzte: Ismael Manterola arte kritikariak egun bizi dugun disziplina ezberdinen arteko nahasketaz eta soinu sorkuntzen transmisio moduak zalantzan jartzeaz dihardu besteak beste, eta Erramun Landa artistak soinu pertzepzioa bezalako gaiak jorratzen ditu.
Ismael Manterola (Zumaia, 1966) artearen historia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean, eta arte kritikaria; besteak beste Berria egunkarian. Komisario lana egin zuen 2006ko Gure Artea sariketetan.
Erramun Landa (Ea, 1958) margolaria, grabatuegilea, ilustratzailea eta kartel egilea da, eta Gai Fantastikoak Pinturan ikasgaia ematen du Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean. Idazle euskaldun askorekin lan egin izan du (Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Edorta Jiménez, Iñigo Aranbarri, Julen Gabiria…), eta hogeitik gora liburu ilustratu ditu. Antzerki taldeekin ere ibili izan da elkarlanetan, eta ETB-ko diseinatzaile grafiko izan zen denboraldi batez. Bere katuak Mifune du izena.