
gipuzkoakultura - jarduerak
Aurrera darrai Iparraldea bertan! zikloko egitarauak. Bigarren ekitaldian Janbattitt Dirassar, Herria astekariaren zuzendaria izango dugu gure artean. Hitzordua, ostegunean, hilak 12, 19:30ean KOLDO MITXELENA Kulturuneko Areto Nagusian.
Martxoko lehen ostegunean hasi zen Iparraldea bertan! zikloa. Lehen emanaldian, Patrice Dumora izan genuen kantari. Oraingoan, Ipar Euskal Herriak ezagutu dituen aldaketak izango ditugu hizpide. Hain zuzen, Janbattit Dirassar dugu ohorezko gonbidatua eta Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariarekin solasean arituko da.
Hazparnen jaio eta Ziburun bizi da Janbattitt Dirassar. Aipagai izango ditugun aldaketen lekuko paregabea dugu; izan ere, berrogeita hamar urte hauetan kazetaritzan aritu da, bai euskaraz, bai frantsesez. Gaur egun, Sud-Ouest egunkarian astean behin euskaraz den artikulu bakarra berak egiten du. Gainera, duela bost urte bera da Herria astekariaren zuzendaria. Bi liburu idatzi ditu eta ohorezko euskaltzaina da.
Ipar Euskal Herria barru-barrutik ezagutzen duen pertsona apala, sekulako lana egiten duena, entzun ahal izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturunean, bere berea daukan euskara aberats bezain goxo eta maitagarrian.
Ostegunean ikusiko dugu elkar, 19:30ean Areto Nagusian. Eta etortzeko aukerarik ez baduzue, KMK Zuzenean-en bitartez izango duzue emanaldia ikusteko aukera.