
gipuzkoakultura - jarduerak
Asteartean, hilak 10, Amaia Lasa izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturunean, Nire hitza ematen dizut olerki topaketen harira. Lehen aldiz izango dugu Areto Nagusiko oholtza gainean, oso gutxitan ibili baita jendaurreko aurkezpenetan. Poesia errezitaldia egingo du, Esther Barandiaranen pianoaren laguntzarekin.
Amaia Lasak (Getaria, 1948) hiru hamarkada baino gehiago darama poesia idazten, irakasle eta idazle lana tartekatuz. Argitalpenen artean, hainbat artikulu eta narrazioz gain, honako hauek aipa ditzakegu: Poema Bilduma (1970), Hitz Nahastuak (1977); Nere Paradisuetan (1979) eta Malintxearen gerizpean (1988). Euskal Herriko Unibertsitateak 2000. urtean bere poesia lan guztia argitaratu zuen euskaraz eta gazteleraz: Geroaren aurpegia - El rostro del futuro. 2001ean XX. mendeko Poesia Kaierak antologia poetikoen bildumako ale bat eskaini zion Koldo Izagirrek. Bere poesia inguruan duen naturan murgilduta dago eta haren bidez bere sentimenduak adierazten ditu inolako artifiziorik gabe.
Ondokoa zioen Koldo Izagirrek Amaia Lasari buruzko Kaieraren sarreran:
Gizonezkoon aurka jazarri behar izan gabe, Amaia Lasak bere nitasuna aztertzen du «bizi tzaren hitza» behar lukeenaren bila, maitasunean, maitasun ezean, hustasunean, akiduran, bakardadean. Osagarri gutxirekin moldatzen du poema, aski ditu marra bakar batzuk giroa sortzeko eta mezua igortzeko, anekdota sekuentziatu behar izan gabe.Ateartean, otsailak 10, ikusiko dugu elkar, 19:30ean Areto Nagusian. Bitartean, Amaia Lasaren Poemaren ondoan olerkitik hartutako ondoko lerroekin uzten zaituztegu:
Poema
sinboloz eta mitoz
hustu zenean
zu zeunden
poema hutsaren hondoan,
biluzik
behargorri
negarrez
maitasun eske.
(...)