gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2010(e)ko martxoaren 18, osteguna

gipuzkoakultura - jarduerak

« Egunsentiaren esku izoztuak. Poema irakurriak | jarduerak | Asunción (Paraguai) soinuz HOTS! irratian »

Xabier Lete Berrian
2009/01/30

Xabier Lete Koldo Mitxelena Kulturunean, Egunsentiaren esku izoztuak liburuaren aurkezpenean. Ostegunean esan bezala, otsailaren 5ean, Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak liburuko poemen irakurketa izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturunean. Juan Luis Zabalak Berrian egin dion elkarrizketan liburuaren ardatz nagusiei buruzko hausnarketa egiten du.

Besteak beste, liburuan maiz azaltzen den Berraurkikuntzaren kontzeptuaz hitz egiten du:

«Berraurkikuntza» hitza aipatzen duzu liburu berriko poema askotan. Berraurkikuntzaren premia, nahia, ametsa... Zer litzateke berraurkikuntza hori zuretzat?

Nik behar handi bat sentitzen dut mundu honetan maite izan ditudan haiek nonbait, ez dakit non eta nola, berraurkitzeko; bereziki Lourdes [Lourdes Iriondo, emazte zena]. Ideia horretan gero eta sendoago nago, eta neure burua behar horretan estutzen dut, edo esperantza horretan bermatzen. Nire lagun sinestun batek dioen moduan, berraurkintzarik ez dago mundu honetako bizipenak ez badu geroan irauten. Beste lagun batek dio ez duela haragiaren piztueran sinisten; hori ere plausiblea da. Orduan, zer da iraungo duena? Espiritua? Eta non kokatuko da? Zer itxura hartuko du? Aurki gintezke haiekin? Denak galderak, erantzun zehatzik gabekoak. Batetik, urteak dira berraurkikuntzaren behar hori sentitzen dudala, eta azkeneko hiru urte hauetan, Lourdes joan zenez geroztik, behar izugarria sentitzen dut; bestela, zer zentzu du honek guztiak? Bestetik, ordea, badakit ezin dudala berraurkikuntzaren modua ikuskatu. Hor bizi naiz.

Nolakoa izango den ezin ikuskatu duzun baina beharrezkoa duzun berraurkikuntza baten esperantzan...

Bai, esperantza horretan bizi naiz eta esperantza horretan bizi nahi dut. Azken finean, neure buruari esaten diot berraurkikuntzaren esperantza horretan bizi banaiz berraurkikuntza hori gertatzen ari dela, egunero. Esperantza horretatik mintzatzen natzaio nire zain dagoenari. Gero azkenean porrot bat izango dela? Hutsune bat? Hori ere gerta daiteke, baina sinistu nahi dut ezetz, ez dela izango porrot bat. Horixe da liburuko azken poemaren gaia.

Zure poema liburuak ez bezala, erlijioek berraurkikuntza molde aski zehatzak aurkezten, deskribatzen eta iragartzen dituzte.

Niretzako berraurkikuntzak ez du forma zehatz bat. Nik ezin diot forma zehatz bat eman. Erlijio katolikoaren dogmatika jarraituz, hori hilen piztueran gauzatuko dela sinistu behar genuke. Niri asko kostatzen zait hori kontzebitzea. Baina erlijiotik bakarrik al du berraurkikuntzaren itxaropenak zentzua eta plausibilitatea? Nik uste dut ezetz. Nolanahi ere, berraurkikuntzaren gaiak zerikusi handia du erlijioarekin. Transzendentziarik ez badago, eta trasnszendentziari ez badiozu bide bat ematen, oso zaila da berraurkikuntzaren baitan sinistea, oso zaila da mundu honetatik haratago legokeen ezeren baitan sinistea.

«Eta zer, Jainkoa / otoitzekin eraikia / gure biluztasunean baizik ez bazina», diozu poema batean. Lourdes Iriondori hil ondotik Urnietan egin zenioten omenaldian irakurri zenuen poemaren hasiera da.

Geure baitan dagoen galdera bati erantzungo lioke poema horrek. Sinestuna zer da? Sinestuna da Jainkoaren baitan sinisten duena, edo sinistu nahi duena, otoitz egiten duena, Jainko horri hitz egiten diona, eskatzen diona, Jainko horrekin solasten dena, eta Jainko horrekin -niri askotan gertatzen zaidan bezala- borrokan eta liskarrean dabilena. Sinestuna hori da, eta sinesmen mota horietatik Jainkoarekin mintza daiteke. Baina sinesmenik edo sinisteko gogorik ez duenarentzat, harreman horretan sartzeko gogorik ez duenarentzat, Jainkoaren arazoak ez du plausibilitaterik. Txorakeria bat da Jainkoa badela edo ez dela aldarrikapen publikoak egiten hastea. Hori dena azkenean erretorika da. Eta Jainkoa azkenean gure otoitzean baizik ez balego?
Xabier Lete Koldo Mitxelena Kulturunean, Egunsentiaren esku izoztuak liburuaren aurkezpeneanm ale bat sinatzen. Liburu berriaren ezaugarri bereziez ere mintzo da:
Zer leku du Egunsentiaren esku izoztuak poema liburu berriak zure poesia ekoizpen osoaren testuinguruan?

Poesiari dagokionez, nik uste dut azken hiru liburuetan nitaratu naizela batez ere: Zentzu antzaldatuen poemategia, Biziaren ikurrak eta Egunsentiaren esku izoztuak. Nik uste dut poeta gisa Zentzu antzaldatuen poemategia-n hasi nintzela ni izaten, literaturan batzuetan egiten ditugun piruetak eta itxurakeriak alde batera utzita. Pentsatzen dut horrek heldutasun pertsonal batekin zerikusia izango duela. Bizitzak, onerako edo txarrerako, helarazi egiten gaitu. Nik adin bat badut eta zorionez garaiz etorri zait heldutasuna, edo heldutasunarekiko ustea behintzat.

Zerk bereizten du Egunsentiaren esku izoztuak aurreko bi poema liburuetatik?

Azken liburu honetan egongo lirateke, laburbilduta, bizitza baten esperientzia nagusi gehienak: bizitza, heriotza, maitasuna, urradurak, iraganean zeuden lurraldeak, biziguneak, bidaiak, udak... hori dena. Azken liburu honetan legoke galeraren zentzu bat. Bizitza galtzen dugu, maitasuna galtzen dugu, osasuna, lagunak, adiskideak, lurraldeak... Baina liburu honek ez zukeen biribiltasunik izango, eta ez dakit argitaratu ere egingo zen ere, azkeneko atala gabe. Duela 13 bat urte hasi nintzen liburu honetako poemak idazten. Baina iruditzen zitzaidan ardatza falta zitzaiola, zentzu osoa emango zion zerbait, eta hori Lourdesen heriotzarekin etorri zen. Lourdes hil zenean, hasi nintzen gogoetatzen poesian adieraz ote nezakeen galera hori, eta neure buruari baietz erantzun nionean hor aurkitu nion liburuari zentzua.

Liburuaren funtsezko atala da, beraz, Neguan izan zen izenekoa, azkenekoa.

Bai. Atal hori da, nire ustez, liburuaren ardatza. Liburuko poemetan pluralean hitz egiten dut, gutaz ari naiz, eta beti dago presente Lourdes. Artifizio literario bat ere bada, baina hori psikologikoki gauzatzen da, liburuan, Lourdesen ausentzia fisikoarekin. Horrek eman dio tonua liburuari, dena batzen duen tonua: interpelazio bat, galdekatze bat, hurbiltze bat... «zuk», «esan genuen», «ibili ginen», «esan zenidan», «erantzun nizun»... Metafisika baino gehiago, errelato txiki batzuk bezala egin nahi izan nituen. Heriotzari buruz eta galerari buruz gogoeta metafisikoak idatz daitezke, baina pentsatu nuen bestelako zerbait egin behar nuela. Gainera, ez zitzaizkidan horrela atera, hurbileko zerbait bezala baizik. Zauri bat bezala. Zaurietatik odola eta pozoia ateratzen direla esaten dute. Eztia ere bai batzuetan. Goxotasuna eta garraztasuna.
Lehenago ere esan dugu Egunsentiaren esku izoztuak inoizko poesia bildumarik borobilena zela, eta Berriako elkarrizketan ere islatzen da berezia dela. Datorren osteguneko irakurketa berezia izango den bezala. Xabier Leteren azken poemak Joxean Goikoetxearen musikarekin.

*Argazkiak Isabel Azkaratek egin zituen, KOLDO MITXELENA Kulturunean, liburuaren aurkezpenean.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2010 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net