
gipuzkoakultura - jarduerak
Oier Iruretagoienak eta Xabier Erkiziak Harold Schellinx ezagutu zuten joan den udan, Berlinen, Soinumaparen ordezkari modura Tuned City eta Das Kleine Field Recordings jaialdietan parte hartu zutenean. Rinus Van Alebeek-ek antolatutako bi ekitaldi berezi izan ziren, bere garaian idatzitako kronikan aipatu zuten bezala. Orain, hilabete mordoxka bat beranduago, Haroldek memoria ariketa eder batean bere Soundblog gomendagarrian kronika berri bat idatzi du.
Uztailaren hasieran izan ziren Soinumaparen ordezkariak Berlinen, Tuned City nazioarteko topaketan. Hitzaldi, kontzertu eta instalazioen bitartez "ikuspegi akustikotik abiatuta, espazio arkitektonikoen ebaluazio berri bat" eskaintzea du helburu Tuned City topaketak. Uztailaren 4an aurkeztu zuten Oier Iruretagoienak eta Xabier Erkiziak Soinumapa, hitzaldi baten eta soilik mapa-artxiboko soinuekin egindako zuzeneko bi emanaldiren bitartez.