
gipuzkoakultura - jarduerak
Hamasei urte eman ditu Xabier Letek poesia berriak dituen libururik argitaratu gabe. Neguak, ordea, argitalpen berezi bat ekarriko digu: Egunsentiaren esku izoztuak. Leteren poema liburu berria. Azaroaren amaieran KOLDO MITXELENA Kulturunean erakutsiko digu egileak berak.
1964. urtean hasi zen Xabier Lete poesia idazten eta 1966an jendaurrean kantatzen. Ez Dok Amairu taldeko partaide izan zen. Kantari bezala, abesti propioen alorraz gain bertsolaritza klasikoarena ere jorratu izan du. Argitaratu izan zaizkion diskoetatik bost kantu propioekin osatuak dira, eta bi, Lurdes Iriondorekin batera kantatuak, kanta herrikoi eta sormezkoekin.
Horiez gain, Bertso eta kopla zaharrak disko bikoitza grabatu zuen Antton Valverde eta Julen Lekuonarekin, Txirritaren bertsoak disko bikoitza Antton Valverderekin, eta, azkenik, Berrehun urtez bertsotan, bertsolaritza klasikoaren antologia zazpi diskotan.
Lehen poesia liburua, Egunetik egunera orduen gurpilean, 1968an argitaratu zuen. 1974ean, Bigarren poema liburua etorri zen; hirugarrena, Urrats desbideratuak, 1981ean. 1992an, Zentzu antzaldatuen poemategia liburuarekin Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia olerki saria jaso zuen.
1993an azken liburuaren edizio berritua plazaratu zen, Biziaren ikurrak izenburuarekin. 2004an Rilke, Orduen Liburua, 30 poemez osatutako disko-liburua argitaratu zen eta, azkenik, 2006an Abestitzak eta poema kantatuak, aurretik idatziak zituen poemen eta abestitzen antologia.
Orain arte, beraz, 1992koa zen Xabier Leteren poesia berriak biltzen zituen azken liburua. Orain arte. Azaroaren amaieran KOLDO MITXELENA Kulturunean aurkeztuko duen poesia liburuan azken urteetako bizi-esperientziak gogoetatu ditu, iragan ederrarekiko miresmena, maitasunaren gauzaguneak, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa elkarri lotuz.
Argazkia: http://zaldiero.armiarma.com/046.htm