
gipuzkoakultura - jarduerak
Urriaren 21ean Jorge Oteiza (1908-2003) jaio zeneko ehun urte bete ziren. Artista oriotarrararen mendeurrenaren harira, La colina vacía liburua argitaratu du EHUk. Azaroan, liburaren egileak izango ditugu KOLDO MITXELENA Kulturunean.
Hain zuzen ere, azaroaren 14an, 19:00ean, Ana Arnaizek, Jabier Elorriagak, Xabier Lakak eta Jabier Morenok hitzaldia eskainiko dute Areto Nagusian, La colina vacía. Jorge Oteiza-Roberto Puig. Eskulturaren eta arkitekturaren arteko bategitea. Hiria arte-lan gisa izenburupean
Ana Arnaiz, Jabier Elorriaga, Xabier Laka eta Jabier Moreno -artistak eta EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak- La colina vacía. Jorge Oteiza-Roberto Puig, Monumento a José Batlle y Ordoñez:1956-1964 liburuaren egileak dira. Bertan, Oteizaren lan paradigmatiko eta garrantzizkoenetako baten nondik norakoak aztertzen dituzte; Roberto Puig Álvarez arkitektoarekin batera, 1959an, Montevideon José Batlle y Ordóñez estatu-politikari uruguaiarrari monumentu bat egiteko nazioarteko lehiaketan prestatutako proiektuarenak, hain zuzen.
Ikasketa sozial eta politikorako zentro handi bat aurreikusi zuten Oteizak eta Puigek; eskultura eta arkitekturaren arteko elkarkidetzaren bidez, hiriaren paisaia printzipio guztiz modernoen arabera eraikitzea proposatzen zuten. Egin izan balitz, Mugimendu Modernoa delakoaren adibide enblematikoenetako bat izan zitekeen. Azkenean, ordea, lehiaketa esleitu gabe geratu zen eta ez zen monumenturik eraiki.
Azaroaren 14an, KOLDO MITXELENA Kulturunean, ikerketaren nondik norakoak azalduko dituzte liburuaren egileek. Eta bertara gerturatzeko aukerarik ez dutenetzat, hitzaldia KMK Zuzenean-en bidez ere eskainiko da.