gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abenduak 2, asteartea

gipuzkoakultura - jarduerak

« Belcro#2 Gráfica contemporánea erakusketa | jarduerak | Kontrajokoak. Ekitaldi irekiak »

Etorriko da heriotza eta zure begiak izango ditu
2008/09/03

Cesare Paveseren omenezko errezitalaren eskuorriaren azala Cesare Pavese (1908-1950) idazle italiarra jaio zeneko mendeurrena beteko da asteartean, irailak 9. KOLDO MITXELENA Kulturunean poesia errezitaldi batekin omenduko dugu hilaren 30ean, 19:30ean.

Paveseren azken olerkietako batzuk eskainiko dituzte Paola Sangallik, Asier Hernandezek eta Ana Pimentak, italieraz, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez-hurren. Horietako batzuk lehen aldiz entzun ahal izango ditugu euskaraz, Migel Anjel Unanuak egin dituen itzulpenei esker.

Cesare Pavese pipa erretzen 1908ko irailaren 9an jaio zen Cesare Pavese, Santo Stefano Belbon (Piemonte). Haurtzaro eta gaztaroa Turinen eman zituen. Letren arloan graduatu zen, Walt Whitmani buruzko tesi batekin eta Einaudi argitaletxean lan egin zuen; bertatik, bultzada handia eman zien AEBetako hainbat idazleren lanei.

1935ean eman zion hasiera literatura uzta zabalari. Ekimen antifaxistetan parte-hartzeagatik erbestean zela, lehen olerki liburua argitaratu zuen, Lavorare stanca. Garai honetan hasi zen Bizitza lanbide egunkari existentziala idazten ere, eta hil arteko jarraipena eman zion.

Paveseren narratibari dagokionez, bizitzako gatazkak landu ohi zituen; identitatea bilatzea zen, esaterako, bere kezketako bat. Paveseren onenatzat hartzen den La luna e i falò (1950) eleberria da gatazka horren adierazgarri.

Izaera herabeak, amodiozko nahigabeek eta etengabeko krisi existentzialek bultzatuta bere buruaz beste egin zuen 1950eko abuztuaren 27an, Turinen. Azken olerkiak Constance Dowling aktoreari eskaini zizkion, bien arteko harremana eten ondoren. Etorriko da heriotza eta zure begiak izango ditu, Verrà la morte e avrà i tuoi occhi da, hain zuzen, Paveseren azken olerkiak biltzen dituen hil osteko liburuaren izenburua.

Eta horixe da poesia errezitaldi baten bidez idazlea gogoratzeko aukeratu dugun izenburua: Etorriko da heriotza eta zure begiak izango ditu.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net