gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 20, asteazkena

gipuzkoakultura - jarduerak

« Makrofoniak HOTS! Paisai soinu irratian | jarduerak | Entzungor. Soinuak eta gu »

Bost urte Oteiza gabe
2008/04/29

Jorge Oteiza, Lamia argazkilari kolektiboak ateratako argazki batean Bost urte dira Jorge Oteiza (Orio, 1908ko urriaren 21a - Donostia, 2003ko apirilaren 9a) euskal eskultore eta arte-teorilaria hil zela. Maiatzean merezitako omenaldia eskainiko diogu KOLDO MITXELENA Kulturunean, aste beteko jardunaldiekin.

Orion jaio zen eta txikitako bizipenek eragin handia izan zuten gerora bere lanean. Madrilen medikuntza ikasten hasi zen, arkitektura oso begiko zuen arren; hala ere, laster utzi zuen medikuntza eskultura munduan murgiltzeko.

Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Ameriketara joan zen eta han gelditu zen bizitzen 1946. urtera arte, Bogotako Zeramika Eskola Nazionalean irakasle. Garai hartan antolatu zituen lehen erakusketak Txileko Santiagon eta Buenos Airesen. Orduan hasi zen eskultura eta estetika inguruko teoriak hausnartzen.

Lehen lanek espresionismoaren eta kubismoaren eragin garbia zuten, baina hutsaren estetikaren esperimentazioari ekin zion ondoren. Oteizarentzat laukia eta esfera funtsezkoak ziren, espazioa eta bolumenaren arteko harremanari buruzko hausnarketarako. Hain zuzen ere, eskultura mailako lorpen eta espazioari buruzko hausnarketengatik pasa zen XX Mendeko Artearen Historiara.

1959an amaitutzat jo zuen esperimentazio bidea, eskultura hutsera iritsita.

Hainbat sari eskuratu zituen; besteak beste, 1957eko Nazioarteko Eskultura sari nagusia Sao Paoloko biurtekoan, Artearen Asturiaseko Printzea Saria 1988an, eta Manuel Lekuona saria 1996an.

1992 urtean Oteiza Fundazioa sortu zen Altzuzan (Egues haranean) eta, gaur egun, han dago Oteiza Museoa.

Quousque tandem!
Euskal pentsaera eta estetikaren ezaugarri nagusiak euskararen erroetan bilatzen saiatu zen Oteiza. Quousque tandem! saiakeran (1963) euskal arimaren estetikaren interpretazioa aztertu zuen, historiaurreko artean eta antropologian erroak bilatzen zituena, berariaz asmaturiko sistema filologiko-poetikoen bidez. Lehen euskal gizakiak mundua nola ikusten zuen jakitea izan zuten helburu bere ikerketek, naturarekiko harreman eta ikuskera hori gizaki hark hizkuntzan eta artean nola zizelatu zuen jakin eta aditzera eman ahal izateko, euskal historiaurreko harrespil, zutarri eta trikuharriak ulertzeko. Huts eta harro hitzen estetika-etimologiak erabili zituen antzinako ikuskera horiek ulertzeko.

Hortik abiatuko zen Oteiza esperientzia estetiko orok jatorri erlijiosoa duela esateko, Kromletx edo harrespil borobil eta hutsaren garrantzia azpimarratzeko, edota harria hustu eta barruan gordetzen den estatua aurkitzen asmatzeko. Quousque Tandem...!, interpretación estética del alma vasca liburu sonatuan honela utzi zuen idatzita Oteizak:

"Haurtzaroan, Orion, nire jaioterrian, hondartzara eramaten gintuen aitonak paseoan. Hondartzaren barrualdean zeuden zulo zabal batzuk biziki erakartzen ninduten. Haietako batean ezkutatzen nintzen, ahoz gora, nire gainean agertzen zen zeru-espazioari begira, nire inguruan zen oro desagertu egiten zen bitartean. Zeharo babestua sumatzen nuen han nire burua. Baina zerengandik babestu nahi nuen nire burua? Txikitatik, ezereza xume gisa sumatzen dugu geure esistentzia. Gauzaz, emozioz, mugaz gainezka dagoen zirkulu ezezkor modura agertzen zaigu esistentzia, eta haren erdigunean, geure bihotzean, heriotzari diogun beldurra sumatzen dugu -heriotzaren kontrako sentipen gorena den beldurra-. Txikia nintzela hondartzako zulo hartan bizi nuen hura -zuek ere antzekoak bizitakoak izango zarete- nire ezereza txikitik zeruaren ezereza zabalera egindako ihes-bidaia zen, salbazio-grina asetzeko egindako ihesaldia. Haurraren deserosotasun edo itoaldi horretan pizten da gizakiok definitzen gaituen esistentziaren sentimendu tragikoa, eta itoaldi hori bera da espiritu-salbaziorako hiru bide posibleetatik –filosofia, erlijioa eta artea- gutxienez batera hurbiltzen gaituen sentimendua. Zera esan genezake, hiru disziplina horiek, teknikoki idepedenteak diren arren, gizakia eta Jaungoikoa harremanetan jartzen dituztenak direla, geure bihotzean nahastu eta korapilatzen diren disziplinak. Bide haietatik bat aukeratu duen edonork, -eta biderik aukeratu ez duenak ere-, bere haurtzaroko oroitzapenetan topatuko du bide horietako batera jotzeko duen joera naturala".

Nortasun handi eta izaera biziko sortzailea izan zen, polemista sutsu eta kritikari zorrotz agintarien kultur politikaren aurrean. Maiatzaren 12tik aurrera, artista polifazetiko bezain polemikoa hobe ezagutzeko aukera izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturunean.

(Jorge Oteizaren argazkia Larruquert familiak osatzen duen Lamia kolektiboak egindakoa da)

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net