
gipuzkoakultura - jarduerak
Joan den asteazkenean, hilak 13, hasi zen KOLDO MITXELENA Kulturunean Zientzia ekinean ikastaroa: Nora garamatza aldaketa klimatikoak? Etorkizuneko egoerak, arrazoiak, ondorioak. Asteazken honetan, hilak 20, José Manuel Morenok aldaketa klimatikoak Europa hegoaldean duen eragina aztertuko du.
Aurtengo Zientzia ekinean ikastaroan, nazioartean itzala duten adituen bitartez, lehen eskutik ezagutzen ari gara aldaketa klimatiko antropogenikoak dakarkigun etorkizuna, haren arrazoiak eta gizateriaren etorkizunari nola eragingo dion han eta hemen. Testuinguru honetan kokatzen da José Manuel Moreno Ekologia katedradunaren hitzaldia.
19:30ean hasita, Los impactos del cambio climático en el sur de Europa izeneko hitzaldia eskainiko du Areto Nagusian.
Jose Manuel Moreno Rodríguez
Ekologiako katedraduna eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Ingurumen Zientzien Saileko zuzendaria. Baso-suteen inguruko ekologia eta sute horiek aldaketa klimatikoan duten zerikusia aztertzen du, eta bere espezialitateari buruzko ehun bat lan argitaratu ditu. Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Ingurumen Zientzien Fakultatea abian jartzeko dekano-komisario izan da. Horrez gain, Ingurumen Zientzien Institutua eta izen bereko Departamentua sortu zituen; eta gaur egun azken honen zuzendari da. Wisconsin-Madison Unibertsitateko (AEB) Tinker irakasle izan da. IPCC Aldaketa Klimatikoari buruzko Gobernuarteko Taldeko kide izen zen. 2007an, IPCCko autore koordinatzaile nagusi zela, talde honek Bakearen Nobel Saria jaso zuen Albert Gore jaunarekin batera.