
gipuzkoakultura - jarduerak
Abenduaren 31a arte Artelekun
Soinu-instalazio elkarreragile hau, Achim Wollscheid artistak (un)common sounds jardunaldien barruan zuzendutako lantegiaren emaitza da. Jardunaldi horiek Ertz eta Electrograph elkarteek antolatu zituzten Artelekuren laguntzarekin. Instalazioak webcam bidez eraikinaren sarreran sortzen den mugimendu oro jasotzen du, informazio hori soinu bihurtuz.
Achim Wollscheid azken hogei urteotan egindako lanagatik nazioarteko musika esperimentalaren erakusgarri nabarmenetakoena bihurtu da. Bide luze horretan egindako lanak, soinuaren, argiaren eta espazio arkitektonikoaren arteko erlazioan sakontzera eraman du Wollscheid. 1980an informazio sistemen banaketa eta produkziora zuzendutako Selektion plataforma alemaniar esanguratsuaren sortzaile izan zen. Besteak beste “The terrorized term” (1999) edo “Selected works 1990-2000″ (2001) bezalako liburuak argitaratu ditu baita “Social Music” (Errant bodies, 2002) bezalako argitalpenetan idatzi ere. Bere emanaldiak nahiz instalazio egitasmoak maiz erakutsi ditu nazioartean.