
gipuzkoakultura - jarduerak
Datorren larunbatean, irailak 2, Loiolako San Inazioren heriotzaren 450. urteurrena ospatzeko antolatu den Loiolako Inazio, bere garaia, utzitako ondarea eta musika zikloaren azken kontzertua egingo da.
Kontzertu zikloa prestatzerakoan hainbat ikusmolde hartu dira kontuan, historian, denboran eta geografian oinarritutakoak, eta beti ere gure santuaren nortasunari eta bere egintza eta lan bikainari, hots, Jesusen Lagundiari, loturikoak.
Kontzertualdian, hainbat iturritatik edanaz, musikarekin lotutako adierazmolde ugari agertu nahi izan da, denak ere, arrazoi bat edo besteren arabera, San Inaziorekin eta bere lagundiarekin bat eginda ibili direnak haien bizitzaren eta historiaren joanean.
Aintzat hartu zen lehen arloa bere jatorria izan bazen, ingurune historiko eta kultural orokorrago batekin San Inaziok izan duen harremana izan da bigarren eta ezinbesteko ildotzat hartu dena. Horretarako, santuaren garaikide izan ziren musikagile iberiarren obrak jaso dituen egitaraua prestatu dute. Kontzertua Carlos Mena kontratenoreak eta Juan Carlos Rivera bihuela-jotzaileak eskainiko dute.
Irailak 2, Loiolako Santutegiko Errefektorioan, 20.00etan
Carlos Mena, kontratenorea
Juan Carlos Rivera, bihuela
“EN CIFRAS Y CANTO” Estevan Daça (1537 (¿)-1590 (¿)), Luis Milán (1500 (¿)-1560 (¿)), Diego Pisador (1509 (¿)-1559 (¿)), Alonso Mudarra (1508 (¿)-1580)), Tomás Luis de Victoria (1548-1611), Luis de Narváez (1500 (¿)-1550 (¿)), Miguel de Fuenllana (1525 (¿)-1568 (¿)), eta Enrique de Valderrábano-ren (1500 (¿)-1557 (¿)) musika.