> Varios > Xabier Lete in memoriam

Gipuzkoa Kultura (Beta)

Xabier Lete in memoriam

Xabier Leteri poema, Atxagak egina

Euskaltzaindiak plazaratzen duen Plazaberri aldizkarian, Bernardo Atxagak honako olerkia idatzi dio Xabier Lete bere bihotzeko laguna zenari:

 

Lete
Zeinek esan behar zigun guri, Lete
trumoia bezala ibiltzen hintzen hori,
dena bizar kizkur eta ile kalpar
eta oihuka, Txano Gorritxori deika
benetako Otsoa uh uh uh uh uh
hik herorrek ematen huela…
zeinek esan behar zigun hari bat,
urrezko hari bat zela hire muin,
armiarma sareetakoa bezain mehe,
eta hari horrekin, urregin batek bezala,
urreginaren esku eta gai aldi berean,
hire heriotzarako azken 5.000 egunak
josi behar hituela poliki-poliki
harik eta dena amaitu arte.
Lore artean ikusi hindugun etzanda.
In manos tuas, Domine.

Lore artean hengoen etzanda
leiho handiko gelatxo batean,
eta inguruan adiskideak,
batzuetan urduri barrezka.
Gizon gazte bat, xuxurlaka,
hire liburu bat irakurtzen ari zuan
otoitzean bezala.
Neska batek, hirekin behin
Alkizako errepidean egokitu
eta Heriotzaz hitz egin zuenak
hala nola baserritar batek
beste baserritar batekin
eguraldiaz edo azokan ikusitakoaz;
neska hark, Lete, negar egiten zian hiregatik,
eta beragatik, eta denongatik.
Joan egin ninduan
jende artetik kale bakartira:
neguko arrats isilean
uhuriak sentitu nizkian,
uhurika ari zuan otso bat
uh uh uh uh mendian.

Joan ninduan mendira,
sartu ninduan basora,
Otsoa hizketan hasi zuan:
“Zertan da Xabier Lete lehena?”.
Lore artean etzanda hengoela
esan nioan, 5.000 egunen buruan
bake-bakean ematen huela.
Eta urregina ere aipatu nian,
5.000 egun haien urreaz
argitasun bat sortu zela aretoan.
“Eta jenderik izan al du?”
galdetu zian uh uh uh Otsoak.
“Aretoa beteta zegoan”, erantzun nioan.
“Inor mozkortu al da?”, berak.
Eta ezezkoa eman nionean:
“Xabier Lete Lehenak ez dik beraz
ardotan gastatu nahi izan!”
Eta jarraitu zian Otsoak, hasperen eginez:
“Errebindikatu al du inork ezer?
Baliatu al da inor aukeraz,
demagun, euskararen ofizialtasuna
Obanosen edo Zangozan eskatzeko?”
Zer esan ez nekiela gelditu ninduan.
Otsoak uh uh uh barre algara egin zian.
“Zein haiz hi, ordea?, galdetu nioan.
Eta berak, “Ni? Xabier Lete Bigarrena!”
Astebete geroago han ninduan ostera,
mendian, basoan, Otsoarekin.
Esan nahi baita Xabier Lete Bigarrenarekin.
Hire heriotzaren inguruko mezak,
hitzaldiak, artikuluak aipatu nizkioan,
eta hire zenbat kanta jarri zituzten irratian.
Bera ere kantari hasi zuan orduan,
trumoi ahotsez, dena bizar eta ile kalpar:
“Etxetikan lanera noa nahiko mantso,
Realak cuatro uno galdu zuen atzo”.
“Ba, jakin ezak –moztu nioan–
Realaren partiduan minutuko isilaldia
egin zutela Xabier Lete Lehenaren omenez.”
Eta esan zian berak: “Ba, jakin izatera,
Uh uh uh uh, irabazle jarriko nian,
Realak cuatro uno irabazi zuen atzo,
eta hor konpon neurriak eta neurri-ondoak”.
Konturatu ninduan orduan Otsoa eta hi,
5.000 egun urrezko hariz jositakoa,
bat zinetela, auskalo nola.

In manos tuas, Domine,
zure eskuetan, Jauna…
Mikel Laboa gogoan hartu
eta hire azken liburuko
187. orrialdeko poeman
in manos tuas, Domine irakurtzean,
hunkitu egin hintzen, Lete.
Eta ulertzen haugu,
nola ez haugu ba ulertuko?
Gu bezalakoak, herri ttikietako umeak,
idiak beren gurdiekin kale nagusitik
pasatzen ziren garaian jaioak,
behiei begira egoten ginenak
hiltegira zeramatzatenean
soka batez lotuta kale nagusi beretik,
eta haiek harri pinporrean utzitako pustiletan
txorientzako zepoak jartzen genituenak,
guk, gu bezalakoek, herri ttikietako umeek,
bihotzean itsatsita zeramaagu Beste Leku hura,
harrizko murru sendoek babeste zutena,
non nahasten ziren intsentsuaren eta ezkoaren
usainak, eta batzuetan baita arrosarena ere;
non ontziak urrezkoak ziren, non hizkuntza
Virgiliorenaren berbera zen, in manos tuas, Domine
Nola ez haugu ba ulertuko?

Beste Leku horretan nahi izan huen
hire 5.000 egunetako azken jostura egin,
eta zer poza izango zen hiretzat,
egia bada hik herorrek
Xabier Lete Lehen horrek
sinisten huena,
zer poza izango zen hiretzat
dena lorez inguratua egotea,
eta soinujolea doi-doi jotzen,
eta urrezko hari bat airean:
“Izotz-ondoko eguzki,
Neguaren barre…”.
Ulertzen haugu. Nola ez, ba?
Baina hik ere ulertu beharko duk,
eta ez bakarrik otsailean ari naizelako,
Otsoaren alde jartzea,
eta egloga bat bezala hasi den gorazarre hau,
“Zeinek esan behar zigun guri…”,
demanda bat bezala bukatzea:
Gure artean bizi behar baduk
ez hadi izan bakarrik
Xabier Lete Lehen;
egunak zeuzkaagu aurrean,
100, 500 edo 20.000,
denak bizi beharrekoak,
eta bizitzeko uh uh uh uh
Otsoa ere behar diagu;
behar diagu Xabier Lete Bigarrena,
Lehenarekin bat zena, auskalo nola.
B A

Omnia vulnerant

Omnia vulnerant

Omnia vulnerant, ultima necat. Halaxe dio latindar esaerak. Guztiek zauritzen dute, azkenak hil egiten du.

Haren absentziaren minetik, Xabier Lete ekarri nahi dugu berriro gogora. Oraingoan, 1978an egindako grabaketa baten bidez. Herri Irratian egindako elkarrizketa bat da. Berak 34 urte zituen. Garai gatazkatsuak ziren (eta noiz ez dira gatazkatsuak izan?).

Baina testigantza bizia da, garai batekoa, bere ibilbidea kontatzen duen Lete kantariarena. Geroago, noski, gauza asko gertatu dira, baina irudi finko hark, 1978 grabaketa soinudun hark, nolabaiteko ideia ematen digu, bera, Xabier Lete, une jakin batean nor izan zen jakin dezagun.

Marrazkia: Josu Maroto

Klik egin deskargatzeko in MP3 format (27.04MB)

 

 

1978an Xabier Leteri eginiko elkarrizketa


Maiatza zen. 1978an. Eugenio Ibarzabalek irratsaio bat egiten zuen eta bertan Xabier Leteri elkarrizketa luzea egin zion.

Interesgarria bezain luzea. Izan ere, bi saiotan banatu behar izan zuen. Bata, 48 minutukoa, eta bestea, 55koa.

Berriz ere, Xabier Lete zendu berriaren ahotsa berreskuratu nahi izan dugu.

Argazkia: Eugenio Ibarzabal

Klik egin deskargatzeko in MP3 format (44.74MB)

Klik egin deskargatzeko in MP3 format (51.12MB)

 

"Hitzen lihoa iruten"

Ederra izan da Hasier Etxeberriak gogorarazi digun Xabierren ezaugarri esanguratsu hori: "Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea…"

Izan ere, bizitzaren atal guztietan sor daitezkeen galderei erantzunak bilatzea izan baita poetaren eginkizun nagusia, eta horrela, gairik xumeenari buruz ere ematen zituen arrazonamenduak, "hitzen lihoa iruten" ezin hobeto zekienarenak izaten ziren.

Berdin herri edo aberriaz zeuzkan sentimenduak, berdin natura eta paisaiari buruzkoak, edota jende umilarekiko zituenak ere, txundituta uzten gintuzten. Askotan aipatu zigun Borgesen pasadizo hura: Pampako estancia delako batean lagun batzuekin dago, eta gau erdian kanpora atera dira; gaua, usainak,larreetako isiltasuna eta zeruaren handitasunaren aurrean Borgesek ozenki dio “¡Esto es la patria!”.

Xabierrengandik antzeko erantzuna jaso genezakeen gure paisai lainotsuetan edo "hego haizetan lokartutako iratze okre geldiak" begiztatzen genituela. Ez, ez zen erromantizismotik letorkeen kutsu soila, inguratzen eta egiten gaituenarekiko errespetua baizik. Euskal ekosistemaren ezaugarriak bereak ziren naturaltasun osoz, "asaba zaharren baratza" lantzen jakin zuen.

Espriu, Rilke, Machado, Ajmatova, Pavese, Ungaretti, Baudelaire, Brassens, Brel, Txirrita, Lizardi, Xenpelar, Gandiaga, Xalbador, ehundaka lagun zituen musikaren eta hitzen mundukoak. Guztiak sakon maitatu zituen barnetik "antzaldatzen" gaituztelako. Honetan ere bazen eredu paregabea Lete, ez baitzen txantxetakoa berak lortu zituen kulturen arteko uztardurak edo korapiloak, anitza zen oso.

Umoretsua, kontalari aparta, ahotsen imitatzaile paregabea, ahozko tradizioaren sorgune agorrezina, hau dena ere bazen Xabier.

Bat-bateko burutazioak dira hauek. Denbora aurrera doan heinean guzti hau zertan geldituko den jakin nahi genuke. Memoria urria duen herria desagertzeko maldan kokatzen baita. Gure ondorengoei nola helarazi asmatu behar dugu.

 

AddThis Social Bookmark Button

Iruzkin bat idatzi

Atal hontan "BBcode" delako standarra erabil dezakezu zeure iruzkinak ezartzeko.
Kode hauek, foroetan iruzkinaindartuagoak sartzeko erabili ohi diren standarra dira. Era honetan, erabiltzeak, kode sinple eta azkar batzuen bidez irudiak, negritak, kursibak eta beste hainbat formatu sar ditzake iruzkinean.
Sistema hau sakonago ezagutzeko eta teknikaren adibideak eta kode erabilgarri guztiak ikusteko, ondorengo link-a (wikipedia) jarrai dezakezu.


Seguratsun kodea
Berrita


 
Inprimatu E-posta PDF fitxategia
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.