> Museoak eta ondarea > Arkeologia > Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri-planoa izan daitekeenaren aurkikuntza, Basagainen

Gipuzkoa Kultura (Beta)

Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri-planoa izan daitekeenaren aurkikuntza, Basagainen

Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Xabier Peñalver arkeologoak Anoetako Basagain herrixka gotortuan egindako aurkikuntza arkeologiko bikainaren berri eman dute. Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri-planoa izan daitekeena aurkitu da.

Basagain herrixka gotortua Anoetako udal barrutian dago, eta azken hogeita bost urteetan indusketa lanak egiten ari dira bertan Xabier Peñalver eta Eloísa Uribarri.

Orain arte, esku hartze arkeologikoa egin den eremuan, ebakidura zuzenak dituzten harlauza zati ugari aurkitu dira. Dekoratutako estela batzuk ere baditugu, eremu gotortuaren sarrera izan zitekeen lekuan ia lerrokatuta aurkitu direnak. Estela horietako batzuk dituzten erretikulen irudikapena edo bestelako trazuak, kasu hauetan, esku hutsez eginak daude.

Estela horiez gain, nabarmentzekoa da, bere konplexutasunagatik, pusketa txiki bat, non segidako faseetan egindako lerro mordoak gurutzatzen diren modu ordenatuan. Kasu honetan, trazu horiek euskarri zuzen batean bermatuta egin dira.

Oraingoz, ez dakigu zer helburu zuten estela horiek herrixkaren leku horretan, baina, badirudi egileek konplexutasun mental handia zutela.

Pieza hori, bertan irudikatuta dauden grabatuak kontuan hartuta, Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri-planoa izan daiteke. 36,5x29,5 cm-ko eta 3,5 eta 4 cm arteko lodierako hareharri triasikoko harlauzaren aldeetako bat guztiz grabatuta dago, eta azalera hori bi zati berdintsutan banatuta dago bi lerro paraleloen bidez, piezaren luzeraren noranzkoan. Alde banatan banda errektangeluarrak marraztu dira, batzuetan zerrenden bidez bereizita daudenak. Banda horietan, edo ondo zehaztutako espazio horietan, noranzko ezberdinetan egindako zeharkako grabatu zuzenak daude, eta espazio horietako batzuk X batez markatuta daude bereziki.

Konparazio lan ugari egin ondoren, Peñalverrek interpretazio hipotesi bat aurkeztu du aldaeraren batekin. “Uste dugu harlauza horretan irudikatzen dena Basagain herrixkaren zati baten oinplanoa dela; ardatza edo kale nagusia alderik alde zehaztuta dago, eta alde banatan etxebizitzak izan daitezkeenak irudikatuta daude, beren artean ondo bereizita. Seinaleek, eta (X) marka batzuek, azpimarratzen dute irudikapenaren zati horien indibidualizazioa”.

Trazatu horrek, baldin eta erdiko kale baten alde banatan lerrokatutako etxeak dituen hiri-plano bati badagokio, antzekotasunak dauzka, besteak beste, Arabako Guardia herriko La Hoya herrixkan eta Nafarroako Cortes herriko Alto de la Cruz herrixkan aurkitutako hiri egiturekin.

Beste hipotesi bat ere planteatzen da, hau da, lursail bereizien irudikapena izatea, non marka desberdinen bidez adierazita dauden jabetzak, labore motak edo bestelako alderdi batzuk. Herrixkaren alderdiren baten irudikapena izango balitz, garai hartako kasu bakarra izango litzateke orain arte.

Nolanahi ere, herrixka horretako harrietan egindako trazadura linealek erakusten dute bertako biztanleek konplexutasun eta abstrakzio maila handia zutela, eta agertzen diren mezuek, oraingoz argi eta garbi itzuli ezin badira ere, interes handiko mundu bat iragartzen dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik babesten ditu giza egonleku horien aurkikuntza eta indusketa lanak. Etengabeko laguntza horri esker, handitzen joan da giza egonleku ezagunen multzoa eta horien gaineko ezagutza. Adibidez, azken urte hauetan gotortze lan handietan egin da aurrerapenik handiena.  Beste arlo batzuetan ere egin dira aurrerapenak, hala nola etxebizitzei, eraikitzeko moduei, etxebizitzen kokapenari, bizimoduari, elikadurari, jantziei eta bestelako xehetasunei dagozkienetan. Informazio horrek balio du, besteak beste, kontrastatzeko erromatarrek eman nahi izan zuten ideia, jende basati eta garatu gabearena. Basagain eta azken urteetako aurkikuntzak horren adierazgarri dira, adierazi du Itxasok.

Basagain

Bigarren Burdin Aroko giza egonleku bat da, aroa aldatu aurreko azken mendeetan leku horretan dokumentatuta dagoena; alabaina, berriki egindako aurkikuntza batzuek luzatu egiten dute egonleku horretako bizitza gure aroaren lehenengo uneetaraino.

Ikertzaile talde handi batek urte hauetan egindako landa eta laborategiko lanei esker, modu nabarmenean handitu da nekazaritza eta abeltzaintza ez ezik bestelako jarduera batzuk ere egiten zituzten biztanle horien gaineko ezagutza, esan du Itxasok.

Herrixkako eremu ezberdinetan berreskuratutako material ugariren artean, nabarmentzekoak dira burdinaren metalurgia jarduerarekin zerikusia dutenak; hala, etxebizitzak, nekazaritzarako lanabesak, armak eta apaingarriak egiteko erabilitako pieza metalikoak aurkitu dira, baita zepa ugari ere, egiten zuten burdin lanketaren berri ematen digutenak.

Komertzio jarduera ere, zenbaitetan distantzia handikoa, dokumentatuta dago, eta beirazko besoko baten hondakinak eta material bereko lepokoaren aleak aurkitu ditugu. Biztanle horien ohiko jardueren informazioa ematen digute, baita ere, zeramika, harri, hazi, eta fauna hezurren hondakinek.

Herrixka gotortuak

Alturan gotortutako herrixkak, kastro izenez ere ezagutzen direnak, Burdin Aroko giza egonlekuak dira. Aro hori historiaurreko azkena da Mendebaldeko Europan, eta gure lurraldean erromatarren konkistaren aurrekoa da.  Gure aroaren aurreko 8 mende inguru hartzen ditu. Inperioko geografoak izan ziren lehenak eremu honetako herrien inguruan idazten eta horien berri ematen, eta bere erara egin zuten, bere kulturarentzat zailak, arraroak edo, besterik gabe, arrotzak ziren izenak saihestuz. Ekintza horrekin, hau da erregistro idatziarekin, gaur egun Gipuzkoa den lurraldea aurrehistoriatik historiara igaro zen. Hori idazle errotamarrek egin zuten, eta espazio honetako biztanle gisa izendatu zituzten baskoiak, barduliarrak, karistiarrak, eta izena eman zieten Oiasso eta Menoska bezalako herriei.

Basagain herrixka altueran gotortutako horietako bat da; biztanleek bizi izan zuten erromatarren menderaldiak eragin zuen erabateko aldaketa, eta litekeena da giza egonlekua arrazoi horregatik utzi izatea.

Duela 25 urte, Burdin Aroko kastro bat bakarrik ezagutzen zen, Intxurrekoa, Tolosa eta Albiztur artean. Horri arreta jarri zion lehena, beste hainbat ebidentzia arkeologikoren kasuan bezalaxe, Jose Migel Barandiaran izan zen, eta ondoren, Peñalver berak, hainbat urte eman ditu indusketa lanetan.  Gero beste batzuk iritsi ziren Buruntza Andoainen, Muru Eskoriatza eta Aretxabaleta artean, Moru Elgoibarren, Murumendi Beasainen (toponimo horietan asko errepikatzen da Muru terminoa, mairuen antza duelako eta bere antzinatasuna adierazteko, edo murruen arrastoak bistakoak direlako), Muñoaundi Azpeitian eta Azkoitian, Akutu Beizaman, eta Basagaingo hau, non Peñalver eta bere taldea bi hamarkadaz lanean ari diren.

AddThis Social Bookmark Button

Iruzkin bat idatzi

Atal hontan "BBcode" delako standarra erabil dezakezu zeure iruzkinak ezartzeko.
Kode hauek, foroetan iruzkinaindartuagoak sartzeko erabili ohi diren standarra dira. Era honetan, erabiltzeak, kode sinple eta azkar batzuen bidez irudiak, negritak, kursibak eta beste hainbat formatu sar ditzake iruzkinean.
Sistema hau sakonago ezagutzeko eta teknikaren adibideak eta kode erabilgarri guztiak ikusteko, ondorengo link-a (wikipedia) jarrai dezakezu.


Seguratsun kodea
Berrita


 
Inprimatu E-posta PDF fitxategia

Musika

Gipuzkoako organoak plazara

  Martxoan Gipuzkoako Organoak Plazara ekimenaren edizio berria egingo da organo ondarea ezagutzera emateko Maria José Telleria: “Gipuzkoako Organoak...

Gipuzkoako organoak plazaraGehiago ikusi

Eskultura

Ricardo Ugarte: erakusketa Untzi Museoan

UNTZI MUSEOAK RICARDO UGARTE DE ZUBIARRAIN ARTISTAREN OBRAN ITSASOAREN GARRANTZIA NABARMENDU NAHI DU Erakusketan itsasoari lotutako eskulturak eta obra...

Ricardo Ugarte: erakusketa Untzi MuseoanGehiago ikusi
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.