> Artea eta ikus-entzunezkoa > Zinema > Andrei Tarkovskiren Lezio galduen bigarren saioa

Gipuzkoa Kultura (Beta)

Andrei Tarkovskiren Lezio galduen bigarren saioa

Beste zuzendari batzuen zinemagintzari buruz Andrei Tarkovski-k zuen ikuspuntua izango da aztergai Lezio galduen bigarren saioan

Maiatzaren 12an Lezio Galduen bigarren saioa burutuko da Tabakaleran, hainbat jarduerarekin: alde batetik, zinemagileak emandako eskola batzuk entzungo dira, orain arte ezezagunak izandakoak, eta beste alde batetik, Tarkovskiren lanarekin lotutako parte-hartze artistikoak ere izango dira.

Bertan izango dira Julen Abasolo, Cristina Álvarez, Pilar Carrera, Xabier Erkizia, Till Fellner, Giuseppe Lanci, Adrian Martin eta José Manuel Mouriño.

Datorren maiatzaren 12an ekingo dio Elías Querejeta Zine Eskolak “Andrei Tarkovskiren Lezio galduak” proiektuaren bigarren zatiari. Proiektu horren asmoa da 1975 eta 1981 urteen artean Tarkovskik Sobietar Batasuneko hainbat lekutan emandako eskolak berreskuratzea, eta ohiz kanpoko materiala da, ia 90 orduko soinu-grabazioz osatua, Masha Chugunova-ren artxibo pertsonalean aurkitua. Chugunovak urtetan lagundu zion zinemagileari haren eskola eta hitzaldietan. Zinemagintzarekin lotutako edozein ikasketa-planetan, oso ohikoa izaten da erreferentziazko filmak ikustea, aztertzea eta, ondoren, iruzkinak egitea. Andrei Tarkovskik ere, irakasle gisa aritu zenean, tresna hori ezinbesteko praktika bihurtu zuen bere eskoletan. Dena den, aurki eta ikas daitekeen guztiarekin ere dago lotuta edozein zinemagileren esperientzia, ikusle soil gisa parte hartzearekin. Eta Tarkovski ere ez zen salbuespena izan zentzu horretan. Bere eskolei buruzko bigarren zati honek, hortaz, ideia hori hartu du abiapuntu. Hartara, gogora ekarriko dugu besteen lanari erreparatuz etorkizuneko zinemagileen ikasketa-prozesua suspertu eta gidatzeko Tarkovskik zuen modua. Baina, helburu horrez gain, Tarkovskik bazituen beste helburu garrantzitsu batzuk ere behatzeko eta aztertzeko ariketa egitean: arreta filmografia jakin batzuetara erakartzea, hain zuzen, ikasleek ikusten ikas zezaten (eta ez zinema soilik), ingurunean funtsezkoa dena bereizten ikas zezaten.

Topaketa berri honetan, Tarkovskik egindako iruzkin eta ohar ugari entzungo ditugu, hainbat zinemagileren inguruan: Robert Bresson, Ingmar Bergman, Andy Warhol, Lumière anaiak, Grigori Kozintsev, Aleksei German, Otar Iosseliani, Sergei Parajanov... Eta, horien guztien artean, gai nagusi gisa, arreta berezia eskainiko diogu Tarkovskik Luis Buñuelen zinemagintzari buruz esandakoari. Jardunaldia Andrei Tarkovski Nazioarteko Institutuarekin batera antolatuko da Tabakalera, Musikene eta Scherzo aldizkariaren laguntzarekin. Tabakalerako Z aretoan egingo da ekitaldia eta bi zati izango ditu: 11:00-14:00 eta 16:00-19:00.

Bigarren saioaren egitaraua

Aukeratutako soinu-grabazio batzuk entzutea izango da saioaren mamia; oraingoan ere, grabazio horiek orain arte ezagutarazi gabekoak izango dira. Entzungo dugunez, grabazio horietako bakoitzean, Tarkovskik hainbat zuzendari garrantzitsuren lana aztertzen du, eta filmetako “aipuen” eta bestelako esku-hartze puntualen arteko hartu-emana sortzen da. Entzungo ditugun grabazio guztiak hiru saiotan egin ziren, 1977an. Edonola ere, eskola horiek ez zuten helburu aipatutako film edo autoreen arteko konparaketa monografikoa egitea; horren ordez, orain berreskuratu eta berrantolatutako aipu horiek askotariko gaiak lantzeko helburua zuten, besteak beste, «nola tratatzen den “erreala” dena eremu artistikoan», «zinemagintzan sinboloak erabiltzea egokia den ala ez», «zinemaren eta antzerkiaren arteko desadostasun garrantzitsuak», «literatura-lanak zinemara egokitzearen arazoak», «zinemagintza esperimentalari buruzko ideiak»

Bigarren saio honetan, Cristina Álvarez eta Adrian Martin saio-idazle eta zinema-kritikariek hausnarketa egingo dute hainbat zuzendariren lanetan (Tarkovski, Bergman, Bresson, Buñuel eta Parajanov) kanpaiak entzuteak duen funtzio informatibo edo dramatikoaz eta horrek sortzen duen paisaia musikalaz, egile horien hainbat pelikulatako zatiak biltzen dituen bideo-saiakera baten bidez. Julen Abasolok kanpaien soinuan oinarritutako sinfonia bat joko du, Arientzako (Aretxabaleta) Kanpai Jole Eskolako kideekin eta Xabier Erkizia soinu-artistarekin batera. Pilar Carrera, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko errektoreordeak, Andrei Tarkovski. La imagen total (Fondo de Cultura Económica, 2009) saiakerako egileak, zinemagile errusiarra eta Sergei Parajanoven zinearen arteko harremanez hitz egingo du. Till Fellner pianista austriar ezagunak, Luis Buñuelen zinemagintzan musikak duen erabilerari buruzko saiakera idatzi duenak (Subertsioa eta isiltasuna, Estatuan Scherzo aldizkarian argitaratua, 326. zk., 2017ko otsailean), hitzaldia egingo du, Johann Sebastian Bachen hainbat konposiziorekin lagunduta. Giuseppe Lancik ere parte hartuko du, argazki-zuzendari eta ohiko kolaboratzaile izan baitzen, besteak beste, Marco Bellochio, Vittorio eta Paolo Taviani eta Nani Moretti zuzendariekin eta Tarkovskirekin berarekin, 1983an Nostalghia filma egin zutenean. Amaitzeko, José Manuel Mouriñok ere parte hartuko du; saio-idazlea, zinemagilea eta Estatuko Tarkovski Institutuaren ordezkaria da bera, eta berreskuratutako grabazioen ikerlarietako bat izan da. Honako hau izango da jardunaldiaren egitaraua:

ANDREI TARKOVSKIREN LEZIO GALDUAK #2 / Z ARETOA (TABAKALERA)

LEHEN PARTEA

11:00 - 11:10 Aurkezpena: Carlos Muguiro (EQZEren zuzendaria) eta José Manuel Mouriño.

11:10 - 11:30 Soinu artxiboen lehen partearen entzunaldia.

11:30 - 12:20 “Ekaitza Errusiatik urrun filmatu” (Giuseppe Lanci).

12:20 - 12:30 Atsedenaldia.

12:30 - 12:55 Soinu artxiboen bigarren partearen entzunaldia.

12:55 - 13:20 "Kanpaien soinuaz jositako ametsen segida" (Cristina Álvarez eta Adrian Martin).

13:20 - 13:40 "Denbora haustea" (Arientzako Kanpai Jole Eskola, Xabier Erkizia).

13:40 - 13:45 Lehen partearen itxiera.

BIGARREN PARTEA (16:00 – 19:00)

16:00 - 16:05 Aurkezpena: Carlos Muguiro eta José Manuel Mouriño.

16:05 - 16:30 Soinu artxiboen hirugarren partearen entzunaldia.

16:30 - 17:15 "Tarkovski eta Paradjanov: Medusaren begirada" (Pilar Carrera).

17:15 - 17:45 Soinu artxiboen laugarren partearen entzunaldia.

17:45 - 18:00 Atsedenaldia. 18:00 - 18:50 "Subertsioa eta isiltasuna" (Till Fellner).

18:50 - 18:55 Jardunaldiaren amaiera.

Z aretoan sartzea librea izango da edukiera bete arte, baina proiektuaren saio honetara joan nahi dutenek lekua erreserba dezakete, helbide elektroniko honetara idatziz: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu . Elías Querejeta Zine Eskola nazioarteko zentroa da, eta pentsamendua, ikerketa, praktika esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa garatzea du helburu. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua izanik, EQZE gorpuzteko abiapuntu dira bere kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru eragileen (Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera Kultur Proiektua) ezagutza-esparruak. Aurkitu informazio gehiago hemen: www.zine-eskola.eus.

 

AddThis Social Bookmark Button

Iruzkin bat idatzi

Atal hontan "BBcode" delako standarra erabil dezakezu zeure iruzkinak ezartzeko.
Kode hauek, foroetan iruzkinaindartuagoak sartzeko erabili ohi diren standarra dira. Era honetan, erabiltzeak, kode sinple eta azkar batzuen bidez irudiak, negritak, kursibak eta beste hainbat formatu sar ditzake iruzkinean.
Sistema hau sakonago ezagutzeko eta teknikaren adibideak eta kode erabilgarri guztiak ikusteko, ondorengo link-a (wikipedia) jarrai dezakezu.


Seguratsun kodea
Berrita


 
Inprimatu E-posta PDF fitxategia

Musika

Gipuzkoako organoak plazara

  Martxoan Gipuzkoako Organoak Plazara ekimenaren edizio berria egingo da organo ondarea ezagutzera emateko Maria José Telleria: “Gipuzkoako Organoak...

Gipuzkoako organoak plazaraGehiago ikusi

Sariak

Juanjo Olasagarrek irabazi du Xabier Lete IV Poesia

Juanjo Olasagarrek irabazi du Xabier Lete IV Poesia Saria Hemen izeneko lanarekin Edizio honetara 31 lan aurkeztu dira, orain...

Juanjo Olasagarrek irabazi du Xabier Lete IV Poesia Saria Hemen izeneko lanarekinGehiago ikusi
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.