> Artea eta ikus-entzunezkoa > Zinema > Film Commission San Sebastian-Gipuzkoa

Gipuzkoa Kultura (Beta)

Film Commission San Sebastian-Gipuzkoa

Gipuzkoak eta Donostiak elkar hartu dute lurraldeko ekoizpen zinematografikoa sustatzeko eta ahalbidetzeko

Aldundiak Film Commission San Sebastian-Gipuzkoa berria eratuko du Donostiako Sustapenarekin eta eskualdeko garapen agentziekin batera.   Foru Aldundiko Kultura Departamentuak 100.000 € bideratuko ditu gaur egungo Film Commission donostiarraren zerbitzuak Gipuzkoa osora zabaltzeko. Leihatila bakarra izango da lokalizazioak bilatzeko lana eta filmazioetako tramiteak arintzeko eta errazteko.

Azterketa baten arabera, 110 ikus-entzunezko filmazio izan ziren 2015ean: 102 titulu desberdin filmatu ziren Gipuzkoako 30 herritan, eta horrek 7.852.601 euroko zuzeneko inbertsioa utzi zuen Gipuzkoan.

Ikus-entzunezkoen industriak aberastasuna, enplegua eta kanpoko proiekzioa ekar ditzakeela badakigunez, Gipuzkoak eta Donostiak elkar hartu dute, orain arte Film Commision izan dena Gipuzkoa osora zabaltzeko. Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Aldundiak, Donostiako Sustapenak eta lurraldeko bederatzi eskualdeko garapen agentziek  (Debegesa, Tolsaldea Garatzen SA, Iraurgi lantzen SA, Beterri-Buruntza Udala, Oarsoaldea SA, Agencia de Desarrollo del Bidasoa SA, Debagoieneko Mankomunitatea, Urola Garaiko Garapenerako Agentzia SA eta Goierriko Ekimena SA). Bulego bat sortuko dute Donostian eta Gipuzkoa osoan Film Commissionen lanak egiteko: San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission.

Kultura diputatu Denis Itxasok aurkezpenean azaldu duenez, «Gipuzkoa ia 2.000 km2-ko plato handi bat da, zinemarako, telebistarako edo plataforma digital berrietarako filmazioak egiteko leku pribilegiatu bat. Zabalera txikiko eremu bat da, baina kontrastez betea eta mendiz, kostaz eta askotariko gure industrial eta urbanoz josia. Erakundeen helburua profesionalen lana ahalik eta gehien erraztea da, kanpoko eta barneko agertokiak modu eraginkorrean aurkitzeko tresnak eskainiz, eta bide publikoa okupatzeko baimenak lortzeko eta bestelako administrazio izapide batzuk egiteko sistema arin bat martxan jarriz. Ocho apellidos vascos, Juego de Tronos eta Allí abajo film eta telesailek argi erakutsi dute sektoreak industria sortzen duela lurraldean eta lurraldeko ondare eta turismo baliabideen posizionamenduan eragiten duela.

Ernesto Gasco alkateordeak adierazi duenez, «askotan hitz egiten dugu erakundeen arteko lankidetzaz edo gobernantza eredu berriez; hitzarmen hau printzipio horien adierazpen gorena dugu. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen inguruan bildu dugu Donostiak filmazioak lortzen eta tramitatzen duen esperientzia, Aldundiak ekimen hori lurralde osora hedatzeko duen konpromisoa eta, azkenik, eskualdeen inplikazioa, filmazioak lortzeko aukerak zabaldu, eta udalerri bakoitzean egin beharreko administrazio izapideak behar bezala kudeatu ahal izateko».

Ekitaldian izan dira Miguel de los Toyos, Eneko Etxeberria,  Koldobike Olabide eta Felix Urkola, Eibarko, Azpeitiko, Legazpiko eta Lazkaoko alkateak, eta Jose Angel Sanchez Oarsoaldeko ordezkariak, Gipuzkoako eskualdeen izenean. Tolosaldea eskualdeko garapen agentziako presidenteorde Itziar Arratibelek hitz egin du guztien izenean. Arratibelek baieztatu duenez, «organismo berriaren erronka nagusia izango da Donostia eta Gipuzkoako lurralde osoa filmatzeko lokalizazio ideal gisa sustatzea nazio eta nazioarte mailako ikus-entzunezko industriaren arloan, tokiko ikus-entzunezkoen sektorearen eta sektore digitalaren proiekzioa eta garapena lortzeko asmoz».   Hitzarmena sinatzearekin, erakunde eta eragile inplikatu guztiok batera lan egingo dute Gipuzkoa filmatzeko agertokitzat hautatzen duten zinema, telebista eta publizitate produktoreen lana erraztuko duen sare bat sortzeko. Horretarako, prestakuntza saio teknikoak egingo dituzte Gipuzkoako udalerrietako langileekin, besteak beste, baimenen tramitazio zerbitzuak, lokalizazioak bilatzeko laguntza eta tokiko industriaren sustapena eta balioa aktibatuz, filmatzera etortzen diren produktoreekin lan egitea ahalbidetzeko.

Erakundeen arteko hitzarmen honen bidez, Donostiako Sustapena arduratuko da egiteko horiek guztiak kudeatzeaz, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren mendeko entitate horrek esperientzia zabala baitu sektorean. Hori ahalbidetzeko xedez, Foru Gobernuak 100.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du bulegoko giza baliabideak areagotu ahal izateko. Hamabost urteko ibilbidean, San Sebastian Film Commissionek 66 film filmatzen lagundu du, eta horrek ia 22 milioi euroko zuzeneko inbertsioa ekarri du lurraldera. Horien artean nabarmentzekoak dira Goya sarietan 10 sari eskuratuz garaile izan zen Handia eta Donostiako Zinemaldian saritua izan zen La herida; aktore nagusiak, Marian Alvarezek, aktore onenaren Goya saria jaso zuen, eta Fernando Francok, berriz, zuzendari berri onenaren estatua. Horiez gain Zipi eta Zaperen komiki ezagunetan oinarritutako bi filmak ditugu: Zipi eta Zape eta kanikaren kluba eta Zipi eta Zape eta kapitainaren irla. Donostia-San Sebastian Film Commissionek hainbat telesail filmatzeko laguntza ere eskaini izan du: Antena 3eko Alli abajo, MediaSet Españak Telecincorentzat ekoitzitako Lo que escondían sus ojos, Movistarren La Zona eta ETBren Goazen.

2016an egindako azterketa baten arabera, filmazio gehienak Donostian egin ziren arren, produktoreek Gipuzkoako udalerriak ere aukeratu zituzten filmatzeko agertoki gisa. Horiek horrela, leihatila bakar baten bidez zerbitzu integral bat eskaintzeko eta produktoreen beharrak asetzeko helburuz jartzen dugu martxan zerbitzu integral eta bateratu berri hau.     Azterketa horren arabera, 110 ikus-entzunezko filmazio izan ziren 2015ean: 102 titulu desberdin filmatu ziren Gipuzkoako 30 udalerritan. Generoka, hauek gailendu ziren: telebistarako edukiak, formatu desberdinetako zinema, publizitaterako argazki erreportajeak eta bideo korporatiboak.

Aurrekontuaren guztizkoa (ez soilik filmazioena) 26.175.335 eurokoa izan zen, eta horrek 7.852.601 euroko zuzeneko inbertsioa ekarri zuen Gipuzkoara (Ratios Spain Film Commission). Filmazioetan 1.725 lagunek parte hartu zuten eta 600 egun baino gehiagoz filmatu zen, batik bat Euskal Herrian kokatutako produktoreen eskutik.

Gipuzkoako udalerri eta eskualdeek, bakoitzak bere garapen agentziaren bitartez, bakoitzaren lurraldeen sustapen lana egiten dute, bultzada sozioekonomikoa ematearekin batera. Horretarako, Film Commission bakarraren proiektua trakzio elementua izan daiteke, lurraldearen kanpo sustapenaren zein ikus-entzunezko produkzioek sorrarazten duten zerbitzu eskaeraren ikuspegitik.

Foru Aldundiko Kultura Departamentuak garbi ikusten du ikus-entzunezko industriak aberastasuna, enplegua, kanporako proiekzioa eta trakzio turistikoa sorrarazteko duen ahalmena. Horregatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan ikus-entzunezko filmazioak egitea sustatu eta bultzatu nahi du. Ekimen horrekin batera, foru entitateak beste apustu garrantzitsu batzuk ere egin ditu arlo berean legealdi honetan, hala nola Elias Querejeta Zine Eskola eta zinemarako eta iku-entzunezkoetarako diru laguntza publikoen lerro berria.   Gipuzkoa eta Donostia Juego de Tronosen eta erraldoi profesionalen lurralde dira   Gipuzkoako ikus-entzunezkoen sektoreak filmazioak egiteko beharrezkoa den balio kate osoa du; izan ere, azken urteetan egonkortu den enpresa eta profesionalen sareak nazioarteko itzala duten koprodukzioetan eta proiektuetan parte hartzen du. Horren adibide argia da Zumaian filmatu zen Juego de Tronos telesaila. Zinemak, telebistak eta publizitateak filmatzeko behar duen guztia eskaintzen du Gipuzkoak: gidoilariak, produkzio enpresak, produkzio buruak, makillaje ataleko buruak, jantzien ataleko buruak, arte zuzendariak, efektu berezien enpresak, casting enpresak, soinua eta postprodukzioa.

Tokiko lantalde bikainek eta horietan lanean ari diren profesionalek azken urteetan lortu dituzten sari eta izendapenek agerian uzten dute sektoreak lurraldean duen garrantzia. Horren adibide dira:

  • Handia filmak jaso dituen hamar Goya sariak
  • Moriarti eta Irusoin produktoreaK 2015ean Loreak filmagatik Oscarretarako hautagai izendatu izana
  • Karmele Soler makillatzailearen Goya saria
  • Mitxel Gaztambide gidoilariaren Goya saria
  • Javier Aguirresarobe argazki zuzendariaren Goya saria
  • Alberto Iglesias konpositorearen Goya saria

Donostia, 2018ko martxoaren 15a

AddThis Social Bookmark Button

Iruzkin bat idatzi

Atal hontan "BBcode" delako standarra erabil dezakezu zeure iruzkinak ezartzeko.
Kode hauek, foroetan iruzkinaindartuagoak sartzeko erabili ohi diren standarra dira. Era honetan, erabiltzeak, kode sinple eta azkar batzuen bidez irudiak, negritak, kursibak eta beste hainbat formatu sar ditzake iruzkinean.
Sistema hau sakonago ezagutzeko eta teknikaren adibideak eta kode erabilgarri guztiak ikusteko, ondorengo link-a (wikipedia) jarrai dezakezu.


Seguratsun kodea
Berrita


 
Inprimatu E-posta PDF fitxategia

Musika

Zumarragako 35. Antioko Musikaldian sei ikuskizun oso desberdin

Iraileko larunbatetan Antioko baselizan Antioko Musikaldiaren 35. Edizioa ospatuko da Zumarragako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuak...

Zumarragako 35. Antioko Musikaldian sei ikuskizun oso desberdin ikusi ahal izango diraGehiago ikusi

Liburutegiak

Liburutegien Eguna, urriaren 24an

Urriaren 24ean Liburutegiaren Eguna dela eta, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak, Ubik, Tabakalerako sorkuntza liburutegiak eta KOLDO...

Liburutegien Eguna, urriaren 24anGehiago ikusi
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.