> Artea eta ikus-entzunezkoa > Erakusketak > Genero-indarkeriaren aurka, KONTRAINDARKERIAK

Gipuzkoa Kultura (Beta)

Genero-indarkeriaren aurka, KONTRAINDARKERIAK

Arteak ez du existitzen hustasunean. Ez da ernaltzen gizarterik ez badago. Artea soziala da, sortzen duten gizakiak (zoon politikon) bezala. Eta, zorionez, gizarteak aldatu eta bilakatu egiten dira, eta hobetu egiten direla esango dugu, egiaz puztuz.

Gaur egun, denborak inposatu digun garai historiko honetan, behingoz, emakumeen esplotazioa gaitzesgarritzat jotzeko eta betidanik jasandako eraso, tratu txar eta feminizidioak salatzeko jarrera errotzen hasi dela dirudi.

Artea ere, noski, gizartean —oraindik motelegi— nagusitzen hasitako ikuspegi-aldaketa horri atxiki zaio, eta emakumeen aurkako egiturazko indarkeria odoltsua eta bere ondorio lazgarriak islatzeari ekin dio.

KONTRAINDARKERIAK izeneko erakusketako lan eta egileen diskurtsoaren ideologiak hainbat ezaugarri dakarzkigu, argi eta garbi: bazterketa, erasoak, ikusezintasuna eta isiltasuna eta/edo konplizitatea, ikuspegi ugaritatik.

KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoko erakusketa norbere kasa edo bisita gidatuen bidez ikus daiteke. Bisita gidatuetan, zenbait eskaintza daude: adibidez, azaroak 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, arratsaldez bi bisita antolatuko dira, bata euskaraz (18:00etan) eta bestea gaztelaniaz (19:00etan), eta ez da izango beharrezkoa plaza aurretiaz gordetzea.

Dena den, erakusketaren komisarioak, Piedad Solansek, adierazitako hitzak gogora ekartzea da onena:

“Komunikabideek eta ikusizko industriek indarkeria jasaten duten emakumeei buruz ematen dituzten irudietan ez da islatzen, inondik inora, gizarte patriarkal arkaikoen egiturazko indarkeria historikoa, horiei lotutako indarkeriazko eredu eta jardunbideek mendez mende iraun duten eta oraindik ere hainbat modutan azaleratzen diren arren. Nola gizarte demokratikoetan, hala autoritarioetan, emakumeak ezarritako hierarkiatik eta ordenatik bereiztea erabakitzen duenean sortu ohi den indarkeriazko erantzunari ezin zaio heldu identitatearen ikuspegitik soilik. Aitzitik, nahitaezkoa da boterearen kultura eta egiturak kritikatzea, eta indarkeria sortzeko, kontrolatzeko eta banatzeko erabiltzen dituzten teknologia eta baliabideak salatzea (gorputzari lotutako idealetan, desioetan, afektuetan eta maitasunezko kontakizunetan oinarritutako emakumezkoen imaginarioa ere bai).

Genero-indarkeriaren aurkako politika eta legeek, sarritan, “ekintzei” erreparatzen diete, alderdi narratibo, bisual eta sinbolikoa kontuan hartu gabe. Komunikabideek eta ikusizko industriek indarkeria kudeatzen, hedatzen eta ikuskizun bihurtzen dute, pobreziarekiko eta ustelkeriarekiko loturei entzungor eginez. Axolagabekeriak, isiltasunak eta ikusezintasunak indarkeria ahalbidetu eta indartu egiten dute. Hirurogeita hamarreko hamarkadako aktibismo feministen arte-estetika eta -jardunbideek identitatea, sexualitatea eta gorputza aldarrikatu zuten. Gerora, laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, indarkeria salatzeari eta borroka politiko eta sozialari ekin zioten, buru-belarri, eta jardunbide sozial, kultural, erlijioso, militar eta ekonomikoek emakumezkoen gorputzean izandako eragina nabarmentzen hasi ziren. Artearen arloan, gorputz “pribatua” alde batera utzi eta estatu-gorputza nagusitu zen, irudimenezko teknologiei eta indarkerien mapa geografiko, sinboliko, politiko eta sozialei bidea emateko.

“KONTRAINDARKERIAK. Emakumeenganako erasoei buruzko praktika artistikoak” erakusketan, hainbat eratako arte-ekintzak eta -begiradak jorratzen dira, jarrerak, baliabideak eta formatuak uztartuz, indarkeriaren fikzioak erabiltzeko edo alderatzeko, eta, era berean, oroimena, afektuak eta esperientziaren bizipen osoa, batetik, eta irudikapen mediatikoen objektibotasuna eta konexiorik eza, besterik, aurrez aurre ezartzeko.

Igorle/egile/ikuslearen arteko konplizitatea uzten digu agerian. Artearen begiradak ikusizko industrien errealismoa ukatzen digu. Itxuren mugak gaindituz, ikusteko beste modu bat, emakumeen irudiak eta teknikak, baztertu dituen isiltasun politikoa, ezarri zaien ikusezintasuna, eman zaien mina eta egin zaizkien mehatxuak erakusten dizkigu. Horretan guztian, gizartea ados egon da, edo ez zaio axola izan. Arteak kolokan jartzen du emakume biktimaren irudi sinbolikoa eta imaginarioa, eta gizarteak ezarritako esanahiaren —mendekotasunaren, inpotentziaren, sufrimenduaren— kontra dago. Indarkeriari aurre egiteko, bere zentzua eraldatuko eta irudiak eta irudikapenak ezereztatuko dituzten ekintza trans/politikoak proposatzen dizkigu.

Alicia Framisek, Regina José Galindok eta Beth Moysések hiri performantziak egiten dituzte. Etxeko indarkeria eta gizarte-erasoak jasandako emakumeak elkartzen dituzte, ezkutukoaren eta agerikoaren arteko jokoa azaleratzeko. Coco Fuscok lanari, pobreziari eta emigrazioari lotutako indarkeria salatzen du, komunikabideek eta iritzi publikoak onarpen sinbolikoa eta legala eman eta isilpean gordetzen dutela azpimarratuz. Cristina Lucas, Nazan Azeri eta Sükran Moral artistek emakumeen kontrako hipermaskulinitatearen indarkeria erlijiosoa, kulturala eta historikoa azaltzen dute, bideoen eta performantzien bidez. Shoja Azarik eta Stefan Constantinescuk gizartearen isiltasuna, axolagabekeria, beldurra eta pasibotasuna uzten dituzte agerian.

Alexandra Ranner, Maya Bayevic eta Paula Rego indarkeriaren etxeko pribatutasuna eta ezkutuko gizarte-egiturak salatzen saiatzen dira. Teresa Serranok genero-harremanen eta sexu-jazarpenaren eraikuntza sinboliko eta afektiboek ezaugarri duten zirkulartasuna erakustea du helburu. Sükran Moralek emakumeek indarkeriaren hedapen tradizionalean izandako eragina jartzen du zalantzan.

Louise Bourgeoisen eta Azucena Vieitesen marrazkiek zatiketa eta subjektibotasuna aldarrikatzen dute, eraikuntza kultural eta historikoen ikuspegi osoaren eta determinismoaren aurrean. Phoebe Gloekner, Debbie Dreschler, Roberta Gregory, Mary Fleener eta Claire Bretécherren komikiek, besteak beste, familia-abusuekin eta oroimen traumatikoekin haustea eta sexualitatearen eta askatasunaren bidea urratzea proposatzen dute. Jorge de Juan eta Luis Iglesias, Isabel Franc eta Susana Martín, Carlos Giménez, Jean-Marc Reiser, Jessica Abel, Marjane Satrapi, Ange Feuchtenberger eta Yoshihiro Tatsumi egileek, azkenik, emakumeen zailtasunak eta indarra nabarmentzen dizkigute, boterearen estereotipoen eta gizonen indarkeriaren mende ez erortzeko ahaleginetan. Indarkeria hori, bestalde, Luis Gascaren bildumako komikietan azaltzen da.”

Duela gutxi, TVEk, Metropolis izeneko saioaren barruan, erakusketa honen inguruko erreportai zabal bat eskaini zuen. Interesatzen bazaizue, helbide honetan ikus dezakezue.

 

KONTRAINDARKERIAK Erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunea (Erakustaretoa)
2010eko urriaren 28tik 2011ko otsailaren 5a


AddThis Social Bookmark Button

Iruzkin bat idatzi

Atal hontan "BBcode" delako standarra erabil dezakezu zeure iruzkinak ezartzeko.
Kode hauek, foroetan iruzkinaindartuagoak sartzeko erabili ohi diren standarra dira. Era honetan, erabiltzeak, kode sinple eta azkar batzuen bidez irudiak, negritak, kursibak eta beste hainbat formatu sar ditzake iruzkinean.
Sistema hau sakonago ezagutzeko eta teknikaren adibideak eta kode erabilgarri guztiak ikusteko, ondorengo link-a (wikipedia) jarrai dezakezu.


Seguratsun kodea
Berrita


 
Inprimatu E-posta PDF fitxategia

Dantza

Balet emanaldia Baionako zezen plazan

Lurralde lankidetza bat abiatu ondoren bai Iparraldean, lurraldekolektibitateekin, eta bai Hegoaldan, Donostia / San Sebastián hiria eta Gipuzkoako...

Balet emanaldia Baionako zezen plazanGehiago ikusi

Entrevista

Canal Europa egia-ostearen aurkako arma bat da

Kulturako diputatu Denis Itxasok aurkeztu du Kultura departamenduak sustatutako Canal Europa jakintzaren hedapenerako espazio irekiaren denboraldi berria. Aurkezpenean...

Canal Europa egia-ostearen aurkako arma bat daGehiago ikusi
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.