> Artea eta ikus-entzunezkoa > Erakusketak > Aukera paregabea Jabier Usabiagaren lanak ezagutzeko

Gipuzkoa Kultura (Beta)

Aukera paregabea Jabier Usabiagaren lanak ezagutzeko

Urteak igaro dira Jabier Usabiaga ezagutu genuenetik. Imanol Murua Gipuzkoako Foru Aldundian zegoen garai hartan. Foru-bildumarako artelanak erosteko aholku-batzordeko kide izendatu zuten Jabier.

Pertsona jantzia ezagutu genuen, egunean dagoena, bokantza handikoa, barrerako aparteko ahalmena zuena. Harrigarria zen eta harrigarria da egun ere hari entzutea, artelan, film edo kontzertu bat deskribatzen duenean.

Halaber, jakin genuen harreman estua eta adiskidetasun handia duela gure artistekin; Carlos Sanzekin, Rafa Ruiz Balerdirekin, Marta Cárdenasekin eta beste hainbatekin. Hortaz, artea gertu-gertutik ezagutzen zuela iruditu zitzaigun, eta horrek “ikusle” handia zelako aurreiritzira eraman gintuen.

Are gehiago, haren alderdi profesionalaren berri izan genuenean; izan ere, Gipuzkoako banku bateko erantzukizun handiko kargutik, Gipuzkoako industriari laguntzeko eta hura bideragarria izateko lan eskerga egiten zuen. Zurtz eginda utzi gintuen horrek. Gure industria-ehunari eta haren gabezia eta erronkei buruz ematen zizkigun azalpenak itzelezkoak ziren.

Hasieran, zurrumurru isolatuak ziren: “Aizu! Ba al dakizu Usabiagak margotu egiten duela? Bai? Ikaragarria da, sekulako obra, zorrotza, oso berea”, “Artelekun, Zehar aldizkariak sari bat emango dio Usabiagaren margolan bati”, “Jabierren hiru margolan daude Bikondoaren Ekialdeko Etxean”. Zurrumurruak entzuten genituen, baina han geratzen ziren, atzealdean ezkutuan.

Halako batean, garrantzi handirik eman gabe, elkarrizketa isolatuen eta beti interesgarrien ondorioz, haren marrazkiak eta margolanak ezagutzeko gonbidapena sortu zen. Ia isilgordean, hutsala eta pasadizozkoa balitz bezala.

Izugarrizko ustekabea hartu genuen. Mundu ezkutua ezagutzeko aukera izan genuen: itzelezko obra, pintura boteretsua, egunez egun egina. Haren obrak bizitzako tentsioa irudikatzen du, bai eta norberaren aurkako borroka edo norberarengan dagoen bestearen aurkakoa ere. Zorroztasuna, tentsioa eta edertasuna.

Jakina, hautsi egin zitzaigun klixea. Artista bat da Jabier, eta aipatutakoaz gain, bere bizitzako banantzea ere adierazten du pinturaren bidez; izan ere, alde batetik, industria-gizona dago, mundu ekonomikoari emana, eta bestetik, sormen pribatuaren bidez bere desirak eta pultsioak bete eta orekatzen dituen artista.

Erakusketa hau izan daiteke haren lana ezagutzeko aukera bakarra.

Erakusketa: Biziaren gainean, paperaren gainean
Tokia: Ganbara (KMK)
Datak: 2010ko irailaren 29tik azaroaren 13 arte
Ordutegia (asteartetik larunbata arte): 11.00-14.00 / 16.00-20.00

 

Biografia:

 

Francisco Javier Usabiaga Azarlosari (Donostia,1935) Arte Ederrak, eta bereziki pintura, txikitatik interesatu zaizkio, hain zuzen aitak Jesus Basianoren erakusketa bat ikustera eraman zuenetik. Ikaragarri gustatu zitzaion erakusketa hura,  eta denborak aurrera egin ahala, gustatu bai, baina hasierako lilura hori ahulduz joan zitzaion. Beste erakusketa asko etorri ziren.

Umea zenetik marrazten du (ene! Peñaflorida Institutu zaharreko marrazketa gela argitsu eta zabala), eta duela urte asko margotzen du. Gaztea zenean hainbat sari jaso zituen pintura-lehiaketetan, eta horrek eraman zuen sari gehiago jaso nahi izatera, harik eta bide egokia ez zela konturatu zen arte. Zenbait liburu irudiztatu zituen, eta arte grafikoekin eta elikadurarekin lotutako lanak egin zituen, oso maiz dibertigarriak ere bazirenak.

Gipuzkoako Artisten Elkarteak izandako jarduera kultural – eta politiko – biziko denboraldi baten ondoren, Usabiagak gogoz lan egin zuen Antonio Valverde Ayalderen zuzendaritzapean,  Laura Esteve eta Jesus Ulacia lagunen lankidetzarekin, elkarte horrek jatorrizko xedea berreskura zezan:  marrazketa, grabatua eta pintura ikastea eta praktikatzea. Ascensio Martiarena adiskidea zuen, zeinak, adinez aurrera egina oso, arratsaldeko azken orduetan lan bilerak zuzentzen baitzituen. Artista eta idazle asko ere adiskide zituen.

Elkarteak, igogailu zaratatsu eta beharrezko batez gain, gelaurre eta estudio zabal bat zituen Trinitate Enparantzan, San Telmo Museoaren bulegoetan; neguan hotza egiten zuen bertan, baina jarduerak, ahaleginek eta konpainiak epeltzen zuten giroa.

Paradoxikoki, jarduera profesionala ekonomiaren eta finantzen arloan garatu zuen, lekuko banku-entitate batean arriskuen kudeaketaz arduratu zelarik. Jarduera hori konprometitua, konplexua, interesgarria eta gorabeheraz beterikoa iruditzen zitzaion, batez ere, harremanak zituelako enpresa askorekin. Pinturak, berriz, errealitate horren kontrapuntu gisa balio zion, ametsetara eramaten baitzuen.

Urte askoz entitatearen egutegiak egiteaz arduratu zen, hedatze handikoak zirenak eta pintore ezagunei eskaintzen zizkienak, testu literarioekin batera. Aldian-aldian iraganeko orri horiek indarberritu egiten ziren, eta liburu ederrak egitea ahalbidetzen zuten. Hartara, jarraipena eman zion Julio Franco marrazkigile eta litografo bikainak, banku batean ere lan egin zuenak, hasitako lanari.

Artea ezagutzen zuten beste pertsonekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren pintura eta eskultura ondarea zuzentzeaz eta eguneratzeaz arduratu zen independenteki, Imanol Murua diputatu nagusiaren bultzadari esker; izan ere, erakundeak utzita samartuta zuen jarduera hura, hain zuzen zaldi-erretratu ahaztu bat erosi zutenetik geroztik.
Arte plastikoen hainbat lehiaketetan epaimahai gisa parte hartu du, mintzaldietan, mahai-inguruetan, eta noizean behin, pintoreen inguruko artikuluak idatzi ditu.

Ez du erakusketetan parte hartzen. Duela gutxi –denborak ihes egiten du!– Alfredo Bikondoaren gonbidapena onartu zuen eta, Ekialdeko Etxeko giro eroso eta atseginean, koadro batzuk ikusgai jarri zituen.

Egun, ohorez eta poztasunez aurkezten du bere lanaren zati bat, bere aurretik etorritako artista eta lagun kutunen adorez eta kreatibitatez beterik dagoen lekuan.

Bere aburuz, ikusiz, sentituz, ikasiz, pentsatuz, esperimentatuz, beti lan eginez, batzuetan asmatuz eta besteetan huts eginez ikasten da. Gaur egun, artearen sakralitateari buruz hitz egitea neurrigabekeri bat baino ez bada ere, baieztatzen du bere lanak pertsona baten, eta batzuetan beste pertsona batzuen, bizitza babestu eta argiztatu dezakeela.

Bere lanean ez dugu komertziala denik aurkituko. Espazio txuri baten aurrean jartzea eta hura bizitzaz betetzen saiatzea du oso maite.

Batez ere, lanean jarraitu nahi du.

 

AddThis Social Bookmark Button

Iruzkin bat idatzi

Atal hontan "BBcode" delako standarra erabil dezakezu zeure iruzkinak ezartzeko.
Kode hauek, foroetan iruzkinaindartuagoak sartzeko erabili ohi diren standarra dira. Era honetan, erabiltzeak, kode sinple eta azkar batzuen bidez irudiak, negritak, kursibak eta beste hainbat formatu sar ditzake iruzkinean.
Sistema hau sakonago ezagutzeko eta teknikaren adibideak eta kode erabilgarri guztiak ikusteko, ondorengo link-a (wikipedia) jarrai dezakezu.


Seguratsun kodea
Berrita


 
Inprimatu E-posta PDF fitxategia

Dantza

Aldundiak Aukeran dantza-konpainiari omenaldi-ekitaldia eskaini dio

Gipuzkoako Aldundiak omenaldi-ekitaldia eskainio dio Aukeran taldeari bere hogei urte hauetan izandako ibilbide bikainarengatik. Ekitaldian Denis Itxaso Kulturako Diputatuak...

Aldundiak Aukeran dantza-konpainiari omenaldi-ekitaldia eskaini dioGehiago ikusi

Sariak

Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko IV. Poesia Saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren bitartez, XABIER LETE NAZIOARTEKO IV. POESIA SARIA antolatu du. PARTE...

Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko IV. Poesia SariaGehiago ikusi
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.