
gipuzkoakultura - erakusketak
Urriaren 29tik 2010eko urtarrilaren 23a bitartean, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoa zabortegi bihurtuko da. Hondakinak eta birziklapena ardatz hartuta, bederatzi artistak haien lanak erakutsiko dizkigute Zakarrontzia astintzen. Hondakinak eta birziklatzea gaur egungo artean erakusketaren bidez.
Zenbait artistak ageriko emaitzak eskaintzen dizkigute, beste batzuk, ordea, ikuskizunarekin eta probokazioarekin jokatzen dute kontsumo gizartearen gehiegikeriak oinarritzat hartuta; eta beste artista batzuk salatzaile eta kritikari bilakatzen dira ingurugiroaren degradazioaren aurrean.
Inguratzen gaituzten prozesu fisiko eta kimikoek (naturaren zikloak, industria ekoizpenek, manufakturatutako eta kontsumorako objektuek eta abarrek) hainbat erreakzio sortzen dituzte: gainpopulazioa, gainprodukzioa, desoreka... eta hondakinak. Askotan, horren aurrean ez dakigu erantzunik ematen eta, modu metaforikoan eta ez metaforikoan, hondakin horiek alfonbra azpian ezkutatzen ditugu.
Erakusketarekin, artistek hondakinak alfonbra azpitik atera dituzte artea egiteko eta, horrela, hondakin horiei bigarren erabilera emateko, hau da, hondakinak birziklatzeko.
Erakusketaren dokumentazio-gunea M-etxeak diseinatu du, 2007 ezkero Donostiako arkitektura eskolarekin lotuta dagoen arkitekto eta ikasle taldeak. Haien proposamena KOLDO MITXELENA Kulturuneko erakusketetan eta Donostiako beste kultur ekitaldietan erabilitako materialak berrerabiltzean datza.
Inaugurazio egunean, kale-ikuskizuna Rezikletasen eskutik
Ostegunean, hilaren 29an, 20:00etan zabalduko da erakusketa. Aurretik, 19:00etan, Rezikletas taldeak kale-ikuskizuna eskainiko digu KOLDO MITXELENA Kulturunearen inguruan. Birziklatutako eta eraberritutako materialen bidez, soinu akustikozko kontzertu ibiltaria emango dute.
Jarduerak
2010eko urtarrila eta otsaila bitartean, hainbat jarduera izango ditugu erakusketaren harira. Jorge Riechmannek, Ingurugiroaren aldeko Zientifikoen batzordeko lehendakari-ordeak, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Areto Nagusian hitzaldia eskainiko digu, eta tailerrak izango ditugu Artelekun Daniel Canogar eta Vik Munizen eskutik.