gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2010(e)ko martxoaren 19, ostirala

gipuzkoakultura - erakusketak

« Itsas-burni. Ricardo Ugarteren lan grafikoak, poesia bisualak eta eskulturak | erakusketak | Ganbarako portu jendetsua »

Hondatu gabe bizi
2009/07/02

SombraOstegunean, uztailak 2, 20:00etan, Pello Irazuren (Andoain, 1963) Hondatu gabe bizi erakusketa inauguratuko dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan. Artista honek bertan egiten duen lehen bakarkakoa da eta irailaren 26a arte izango dugu ikusgai.

2005. urteaz gero egindako lanaren zati bat eta areto honetarako berariaz sortutako pieza berriak biltzen ditu erakusketak. Eskultura konstruktiboen eta marrazkien ondoan, espazio fotografikoak, pintura erantsi zaien argazkiak eta brontze eta aluminio urtuz egindako eskulturak daude ikusgai.

Erakusketaren izenburua, Hondatu gabe bizi, egunkari gainean egindako marrazki batetik dator, eta bete ezinezko asmo bat aipatzen digu. Kulturaren xedea hondamena saihestea, memoria bizirik gordetzea eta errealitateari buruzko kontzientzia sortzea den bitartean, senak harraparitzara, indartsuenaren legea ezartzera, bizirautera bultzatzen gaitu.

La fábrica

Nahiaren eta errealitatearen artean mugitzen da artista, eta bere lanean etengabe ageri da asmoen eta errealitate printzipioaren arteko fluxu kontraesankorra. Sortzeko, ezinbestekoa al da (beste zerbait nahiz norbera) hondatzea? Izenburuak hausnartzeko bidea ematen du.

Proiektu hau prestatzerakoan, Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa espazioaren arkitektura berezia gogoan hartu da. Berez areto independenteetan banatuta dagoelarik, areto arteko espazioak (korridoreak) libre utzi eta areto bakoitza indartuz antolatu da ibilbidea. Azken urteotan Pello Irazuren kezka artistiko nagusiak ezagutzera garamatza. Areto bakoitzak kezka kontzeptual jakin batekin lotutako lana biltzen du.

Pello Irazu

1980ko hamarkadaren lehen urteetan abiatu zen Pello Irazu artearen bideetan, minimalismoaren eta eskultura postminimalistaren lorratzean. Gero, Oteiza eta Beuys artistekin elkarrizketan, eraikuntza izaera nabarmena hartuz joan ziren bere lanak.

Hamarkada horretako lanen ezaugarri dira, batez ere, eskulturan burdinaren eta beste material batzuen erabilera berezia, espazioaren erabilpen bitxi bat, eta kolorearen erabilpenaren bitartez diziplina batetik bestera (pintura, eskultura, marrazkia) igarotzeko aukera ematen dion aparteko poetika bat.

1989an Londresen bizi izan zen Riverside Studios zentrorako erakusketa bat zela eta, eta 1990ean Veneziako Bienaleko Aperton parte hartzeko hautatu zuten. Urte horretan New Yorkera joan zen, eta zortzi urtean bizi izan zen bertan. Hiri horretan hasi zen brikolajeko material industrialetatik abiatuta eraikuntzetan oinarritutako lanak egiten eta, bide horretan, poliki-poliki gero eta lan konplexuagoak egiten, irudiaren problematikaz gehiago jabetu ahala.

1994an Real World erakusketa egin zuen Santanderko ontziralekuko jauregitxoan eta 1998an X- 51 The wound, New Yorkeko John Weber galerian egiten zuen laugarren erakusketa.

2003an Gasteizko ARTIUM Museoak gonbidatuta, Zatiak eta lotiak izenburuko erakusketa egin zuen, museoko solairuetako bat hartuz.

1988z gero, aldiro-aldiro egin ditu erakusketak Madrilgo Soledad Lorenzo galerian; azkenekoa 2008ko urrian: Universo de suturas. 2009an Chicagoko The Museum of Contemporary Photographyk antolatutako PhotoDimensional erakusketan parte hartu du. Beste galeria eta erakunde askotan ere erakutsi izan du bere obra, Espainian eta beste herrialde batzuetan, eta irakasten ere aritu da, ikastaroak eta tailerrak ematen, Madrilgo Círculo de Bellas Artesen, Artelekun eta Bilboarten.

Hondatu gabe bizi

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2010 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net