
gipuzkoakultura - erakusketak
« Juan Aizpitarte eta Daniel Mera, Artista Berrien XLIII Lehiaketaren irabazle | erakusketak | Gipuzkoako Artista Berrien erakusketa ikusteko azken egunak »
Asteazkenean, hilak 29, 19:30ean Elena Odriozolaren Txoritxoak erakusketa inauguratuko dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran. Ekainaren 13a arte izango dugu ikusgai eskuz egindako hiru dimentsiotako ilustrazio berezia.
Txoritxoak instalazioaren erakusketarekin paper gaineko marrazkitik, hiru dimentsiotako ilustraziorako pausoa eman du oraingoan Elena Odriozolak.
50 txori inguru zuhaitz baten adarretan, 16 mota, izen eta bizitza ezberdineko 50 bat txori, bakoitza bere ezaugarri, kolore eta istorio propioarekin.
Tuntuntxori norvegiarra, Barretxoria, Etxebeste txoria, edota Txio XIII.a dira ekainaren 13a arte Ganbarako protagonista izango diren txori horietako batzuk.
Gainera, Alejandro Fernandez Aldasorok bakoitzarentzako istorio bat idatzi du eta Juan Kruz Igerabidek euskarara itzuli ditu.
"Itzuli gaitezen, bada, txorietara. Buruan dauzkagu, eta bi direla politak; zain bezala daude, ez-egite xaloan. Eskatzen diezun guztia egiteko prest dirudite, bai eta agintzen diezun guztia ukatzeko prest ere. Eta ez dira gasezko txoriak, ero moduan hegan ibiltzen diren horietakoka, zulaturik bezala. Txori trinkoak dira, fidagarriak. Txori likidoak, egarria kentzen duten horietakoak."
Elena Odriozola
Gaur arte, haur eta gazteentzako 70 lan baino gehiago ilustratu ditu Elena Odriozolak (Donostia, 1967). Hala ere, berak beti azpimarratzen du ez duela haurrentzako marrazten; istorioa irakurri eta sentitzen duena, ilustrazioekin azaltzen saiatzen dela dio, baina ez haurrengan pentsatuz.
Ilustratzaile bezala lan egitea ez zan erabaki bat izan. Berez etorri zan. Horrela gertatu behar izango balitz bezala. Hori 1997. urtean gertatu baina oso txikia nintzala hasi zan. Piskanaka piskanaka, presa, helmuga eta asmo zehatzik gabe. Eta oraingoz horrela da, ez dakit noiz arte. Disfrutatzen dudan bitartean edo… ez jakitea nahiago dut.
Bidean publizitate agentzia batean lan egin nuen eta iraun zuen bitartean polita izan zan. Han ikasi nuen guztia ondo etorri zait testoak irudikatzeko orduan. Eta baita hobe dala gauza gutxi esatea jakiteko…
Elena Odriozola
2006. urtean, Kultura Ministerioak, aurreko urtean argitaratutako ume eta gazteentzako liburuen ilustratzaileen artean, bigarren saria eman zion, La princesa que bosteza a todas horas liburuan eginiko ilustrazioengatik.
Ilustrazioak eskuaren gertutasuna sentituz sortzen dituen ilustratzaile honek modu berean sortu du, eskuz, hiru dimentsiotako bere lehen lana ere: Txoritxoak.
Txoritxoak