
gipuzkoakultura - erakusketak
« Laster Txoritxoak Ganbaran | erakusketak | Juan Aizpitarte eta Daniel Mera, Artista Berrien XLIII Lehiaketaren irabazle »
Badator, berriz ere, Artista Berrien Erakusketa eta betiko jakin-minak hartzen gaitu. Zeintzuk izango dira aukeratuak? Eta sarituak? Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatutako Artista Berrien XLIII Lehiaketaren emaitza apirilaren 21etik maiatzaren 30era izango dugu ikusgai, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan.
Berriro ere, Gipuzkoako Artista Gazteen Lehiaketaren deialdi berri batean gaude. 20 urte dira ikur den lehiaketa hori sortu zenetik, eta euskal arte garaikidearen alderdi aipagarrienetako batzuen paradigma eta iturri izan da. Ezer ez da ausaz gertatzen. Lehiaketa orotan bezala bada hemen ere zortea eta izarren nahia nahasten dituen faktore indartsu bat, baina, batez ere eta benetan, hemen duguna zera da: inguruko errealitateari buruzko lan handia eta analisia, eta bizi ditugun garaiekin bat datorren sinkronia. Deialdiek sorkuntza artistikoaren araberako garapena izan dute, harik eta mekanismoak eta parte hartzeko aukerak aldatu diren arte; hori dela eta, egun bi urtean behin egiten da, hartara sortzen ari diren artistek eboluzioa izateko behar adinako denbora tartea izan dezaten heldutasunera iristeko, berritu daitezen errepikapena saihestuz, horrela egile berriak eta erronka esanguratsuak sortzeko bideak ezarriz.Aurtengo deialdian ondoko artistak izan dira hautatuak: Urtzi Ibarguen, Ainize Sarasola, Jon Uriarte de Luxan, Eñaut Agirre, Willy Monfort, Ane Meoki, Daniel Mera, Izaskun Alvarez Gainza, Colombina’s (Sandra Cuesta eta Larraitz Torres), Allende Arnaiz eta Alvaro Ledesma, Juan Aizpitarte, Oier Etxeberria, Gorka Sorozabal eta Antonio Macarro. Nortzuek lortuko dute sariaren bedeinkapena?
Lehiaketa Gipuzkoako artistak sustatzeko plataforma da, baina baita gure inguruko panorama kulturalaren termostatoa ere. Zeharka bada ere, erakusten du gure fakultateetan lortzen den prestakuntza maila zein den, ekoizpen zentroen aktiboa zertan den, aldizkariek eta editorialek zein rol elikatzaile duten, aretoetan eta museoetan antolatzen diren erakusketek zein eragin duten, edota zein den gure egileen akzioa kanpoan. Lehiaketak artistak neurtzen ditu, baina geure burua ere bai.
Baina, zeharkako faktore hori ez ezik, askorentzat errazagoa da kontua: lehiaketa hau sustapeneko eta jendaurreko testuinguru batean obra gizarteratzeko lehen aukera da. Hautatua izatea sintoma bat da; saria lortzea, bedeinkapen bat.
(...)