
gipuzkoakultura - erakusketak
Otsailaren 11tik Denbora dugu aztergai KOLDO MITXELENA Kulturunean, Pablo Donezar artista donostiarraren Iturralde eta beste bidaiak erakusketan. Oraindik ikusi ez baduzue, larunbata, apirilak 4, duzue azken eguna.
Denboraren kontzeptu ezberdinak transmititzeko, lan grafikoa, ikus-entzunezkoa eta instalazio bat erabiltzen ditu Pablo Donezarrek KOLDO MITXELENA eraikineko hiru gunetan banatuta:
Eraikineko atarian hasten da erakusketa. Donezarrek Pedro de Iturralde marinel gipuzkoarraren itxurazko bidaia koadernoa jarri du bertan. Hogei orrialde, 17 marrazki eta Jorge Luis Borgesek denboraren igarotzearen inguruan idatzitako testuak ditu koadernoak. Koadernoarekin batera, egileak sortutako txapelak daude ikusgai; marinelaren tripulazioan lanean ari ziren gizonenak omen diren txapelak, hain zuzen.
Erakusketak atariko eskaileretan jarraitzen du. Donezarrek planeta arteko bidaia bat antzematen duen bideo bat sortu du hemen kokatzeko. Agertzen eta desagertzen diren testuak proiektatzen dira eskaileretan. "Bi proiektore daude, gauza bera denbora ezberdinean ematen. Eskaileraren diagonalak irudiak apurtzen ditu", aipatu du egileak. Bere ustetan, bigarren bidaia honek aurrekoak erakusten zituen mugak gainditzen ditu.
Ganbaran dago erakusketaren azken atala, hondamena dirudien instalazio bat. "Denboraren igarotzea da berriz ere", esan du egileak. Lan honekin batera bi argazki serie ikusiko dituzue. Lehenengoak, Nunca digas que es un sueño izenburupean, jendea bizi izan zen leku bat erakusten du, orain hondarrak baino ageri ez direla. Bigarrena, "Ni caminos ni barcos para ti", aintzinako paradisu baten suntsipena da.
Apirilaren 4a arte, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era, izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturunean denborari buruzko hausnarketa egiteko aukera. Egun horretatik aurrera, katalogoan iraungo du gogoetak.