
gipuzkoakultura - erakusketak
Azaroaren 26an, XIX. mendeko aisiari buruzko erakusketa hasi zen KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran: Aisiaren aurkikuntza, Zumalakarregi Museoak egindako ikerketa lanaren emaitza. Oraindik ikusi ez baduzue, larunbata, urtarrilak 23, duzue XIX. mendeko aisia ezagutzeko azken eguna.
XIX. mendean aisia nobleziaren eta kleroaren ondare esklusibo izatetik, burgesiaren bizitzaren parte izatera pasa zen. Soziabilitate informalaren esparru eta kultur ekintza eta zentru berriak agertu eta garatu ziren; hala nola, kafe eta tertuliak, museoak edo kasinoak. Kontenplaziozko eta neurrizko aisia zen nagusi: irakurketa, eztabaida hezigarria, ibilaldia, antzerkia eta arteak.
Aisiaren aurkikuntza erakusketak XIX mendeko burges aisia (kasinoak, dantza saloiak, antzerkia, kafe eta tertuliak, erakusketa unibertsalak, museoak, panoramak eta zirkoa) eta herri aisia (zezenak, pilota eta erromeriak) lantzen ditu.
Azpimarratzekoa da erakusketako gaien eta Zarautzko Photomuseumek maileguan utzitako pieza multzoaren arteko elkarrizketa. Gipuzkoako Foru Aldundiak duela gutxi eskuratutako material bildumaren zati dira eta XIX. mendeko hainbat jolas ekintzakin lotuta daude: antzerkia, dantza, zirkoa edo erakusketa unibertsalak.
Madrilgo Historia Museoko, Cerralbo museoko, Baionako Euskal Museoko, Donostiako San Telmo Museoko, KOLDO MITXELENA Kulturuneko eta Donostiako Udal liburutegiko grabatu, objektu eta oleoak ere daude ikusgai.
Urtarrilaren 23a arte, beraz, aukera aparta duzue aldaketa garai hartako aisiaren garapena gertutik ezagutzeko. Egun horretatik aurrera, XIX. mendeko aisiari buruzko testu eta hausnarketak geratuko dira katalogoan.
AISIAREN AURKIKUNTZA
2008ko azaroaren 26tik 2009ko urtarrilaren 23ra
Ordutegia:
-Asteartetik larunbatera 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.
-Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita.
Erakusketaren webgunea: http://zm.gipuzkoakultura.net/aisia