
gipuzkoakultura - erakusketak
Asteazkenean, hilak 17, 19:30ean Cormán Krisi kabinetea erakusketa inauguratuko dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran. Azaroaren 8ra arte Jesus Maria Cormanek (Donostia, 1966) erakusketarako espresuki egindako lanak egongo dira ikusgai.
Cormán Krisi kabinetea erakusketako lanen bidez, obra bat egitean artistak bizi duen gatazka aurkezten digu Cormanek. Funtsean, pintura erakusketa da, argazki eta collage batzuk ere badituen arren. Jesus Maria Cormanek 34 koadro, 15 argazki eta 11 collage egin ditu espresuki KOLDO MITXELENA Kulturuneko erakusketa honetarako. Duela gutxi Leon Felipe VI. Nazioarteko Poesia Saria irabazi duen pintore eta idazle donostiar honek azken urtea eman du zeregin horretan.
Ganbara aretoaren atarian ikusiko dugun lehen koadroak erakusketa osoa ulertzeko gakoak ematen ditu: eskua ixtean artistak sortu duen buztinezko pieza bat da eta erakusketaren bilakaera iragartzen du. Pieza hori berriro agertuko zaigu koadro batean baino gehiagotan, paisaian igerian ari dela. Ia beti zuri-beltzeko paisaian, "gogoetaren lagungarri".
Irudien bidez, artistaren estudioan sar gaitezen proposatzen digu Jesus Maria Cormanek. Obra egiteko prozesua erakutsiko digu bere obren bidez: "Bere abileziak erakusten dizkigun bezala, bere okerrak ere erakusten jakin behar du artistak". Cormanek, beraz, bere duda-mudak, zalantzak eta emaitzak jarriko dizkigu agerian.
Joan-etorriko bidaia
Pinturen lagungarri, poema-bilduma bat (PDF, 507 KB) aurkituko dugu KOLDO MITXELENA Kulturunearen sarreran. Izan ere, Cormanentzat, literatura eta pintura "joan-etorriko bidaia bat" dira. Biak esku emanda doaz, biak paraleloan.
Cormán Krisi kabinetea
-Irailaren 17tik azaroaren 8ra KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran.
Ordutegia:
-Asteartetik larunbatera 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.
-Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita.
Bisita gidatuak:
kmk@komazk.com
667 346 025 – 943 112 757