
gipuzkoakultura - erakusketak
Hiru hilabetez, simulazioa, biolentzia eta arriskuaren kontzeptuak izan ditugu aztergai KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan, Try again erakusketan. Ikuslea jokalari bihurtzen duen ezohiko erakusketa hau bisitatzeko azken eguna larunbata, irailak 27, da. Atzerako kontaketa hasi da.
Simulazioa, biolentzia eta arriskuaren kontzeptuak aztertzeko bideo-jokoa erabiltzen duten 30 artista ingururen lanak (instalazioak, monokanal bideoak eta bideo-joko elkarreragileak) biltzen ditu Try Again erakusketak KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan.
Proiektuan parte hartzen duten artista guztiak arlo desberdinetatik badatoz ere -hala nola, musikatik, performancetik, instalaziotik edo bideojokotik-, maila berean tratatuta daude denak, desberdintasunik egin gabe, eta hierarkia estetikorik ezarri gabe. Izan ere, erakusketa honen oinarria artistek aldatutako bideojokoak dira; bideojokoa da -jokagarria izan edo ez- denek erabiltzen duten tresna edo, ikus arteetan tradizionalki ezarri den moduan, bitartekoa. Lehendik dauden beste batzuei erantsi beharreko bitarteko berria.
Ikuslearen zein jokalariaren parte-hartzea gogotsua da erakusketan. Ikusleak jokalari bihurtzen dira, ekintza ezinbestekoa duten zenbait lan baliatuta, lanak zentzua izango badu. Bestalde, bideojokoetako jokalariak, une batez bada ere, bere ekintzen eta horiek dituzten ondorioen ikusle izatera bultzatzen da.
Parte hartu nahi? Egun gutxi geratzen dira... Irailaren 27an partida bukatuko da.
Try Again
-Data: Irailaren 27ra arteKOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan.
-Ordutegia: Asteartetik larunbatera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.