
gipuzkoakultura - erakusketak
Uztailaren 4an Labirintoaren erbestean. Literatur jolasa erakusketa hasi zen KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran. Bertan, haur eta gaztetxoek, jolasaren bidez, migrazioen munduan barneratzeko aukera dute. Oraindik erakusketara gerturatu ez direnek larunbata, abuztuak 23, dute horretarako azken eguna.
Literatur-jolas honek bidaia bat proposatzen die bisitariei, eremu arrotz batzuen barrenean, labirintoaren erbestean. KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran dagoen labirintoan bidaia iniziatiko bati edota abenturazko esperientzia bati ekiteko aukera dute bisitariek.
Literaturaren aitzaki klasikoa hartuta, bidaiekin zerikusia duten hainbat elementu ditu jolas honek. Amandre ipuinetan, heroiak bere bizitza utzi eta urrundu behar izaten du bizimodu berri baten bila. Bidaia hau arriskuz, oztopoz eta egoera harrigarriz beteta dago. Zailtasun hauek gainditu eta ipuinaren heroia hazi egingo da, emakume edota gizon bilakatuko, bidai horretan bizitzari parez pare begiratu diolako.
Sinbologia hau bete-betean agertzen da Ganbarako literatur-jolasean. Labirintoaren erbestean. Literatur jolasa erakusketak barne esperientzia bat egitea proposatzen die parte hartzen dutenei: espazio harrigarri batean sartu eta irteera bilatzea. Labirintoaren bideak estuak dira eta sorpresaz beterik daude. Bertan atseden lekuak ere badaude liburuak begiratu, irakurri eta diskoak entzuteko. Jolasak munduz mundu, hiriz hiri, lurra, ura, sua eta airearen barnean eramango du bidaiaria. Pertsona harrigarriak topatuko ditu bidaiariak mundu ezezagun batean; ulertezinak diren pertsonak, arrotzak. Baina mapa bat erabili ahal izango du bere abenturan eta bide lagun aproposak izango ditu.
Bidaia honi ekiteko prest daudenek larunbata, abuztuak 23, dute labirintoan sartzeko azken eguna.
Labirintoaren erbestean. Literatur jolasa
Abuztuaren 23ra arte KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran.
Ordutegia:
-Asteartetik larunbatera 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.
-Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita.