gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko urriak 12, igandea

gipuzkoakultura - erakusketak

« Try Again erakusketa | erakusketak | Kontrajokoak, bideojokoari buruzko lantegia »

Labirintoaren erbestean. Literatur jolasa
2008/07/02

Erakusketaren ilustrazioa Uztailaren 4tik abuztuaren 23ra haur eta gaztetxoak izango dira protagonista KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran, Labirintoaren erbestean. Literatur jolasa erakusketan. Bertan, migrazioen munduan barneratuko dira jolasaren bidez.

Jolas honek bidaia bat proposatzen die parte hartuko duten bisitariei; bidaia eremu arrotz batzuen barrenean. Bisitariek labirinto bat aurkituko dute Ganbaran, bidaia iniziatiko bati edota abenturazko esperientzia bati ekiteko.

Literaturaren aitzaki klasikoa hartuta, bidaiekin zerikusia duten hainbat elementu ditu jolasak. Amandre ipuinetan, heroiak bere bizitza utzi eta urrundu behar izaten du bizimodu berri baten bila. Bidaia hau arriskuz, oztopoz eta egoera harrigarriz beteta dago. Zailtasun hauek gainditu eta ipuinaren heroia hazi egingo da, emakume edota gizon bilakatuko, bidai horretan bizitzari parez pare begiratu diolako.

Sinbologia hau bete-betean agertuko da gure jolasean. Barne esperientzia bat egitea proposatuko die parte hartzen dutenei: espazio harrigarri batean sartu eta irteera bilatzea. Labirintoaren bideak estuak dira eta sorpresaz beterik daude. Bertan atseden lekuak ere badaude liburuak begiratu, irakurri eta diskoak entzuteko. Bidaiak munduz mundu, hiriz hiri, lurra, ura, sua eta airearen barnean eramango du bidaiaria. Pertsona harrigarriak topatuko ditu bidaiariak mundu ezezagun batean; ulertezinak diren pertsonak, arrotzak. Baina mapa bat erabili ahal izango du bere abenturan eta bide lagun aproposak izango ditu.

Paperean hegan
Jolasarekin batera, euskal Haur eta Gazte Literaturari buruzko DVD bat aurkituko dute: Paperean Hegan. Haur eta Gazte literaturan aritzen diren idazleen hamahiru testu ditu grabatuta, propio sortutako musika garaikideaz eta euskal ilustratzaileen irudiz eta animazioz lagunduta. Nola ikusten ditugu gure burua, gure hiriak, gure paisaia gure literaturaren ikuspegitik? Nola ikusten gaituzte beste modu bateko begiek? Galdera horien erantzuna erakusten saiatzen da Paperean Hegan DVDa.


Labirintoaren erbestean. Literatur jolasa
2008ko uztailaren 4tik abuztuaren 23ra KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran.
Ordutegia:
-Asteartetik larunbatera 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.
-Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita.
Bisita gidatuak:
kmk@komazk.com
667 346 025 – 943 112 757

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net