gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 30, larunbata

gipuzkoakultura - erakusketak

« Kemen isuriaren azken egunak | erakusketak | Labirintoaren erbestean. Literatur jolasa »

Try Again erakusketa
2008/06/25

Anne Marie Schleiner& eta Luis Hernandezen Corridos (2005) lana. Ordenagailurako jokoa Arcade baten barruan. Iritsi da eguna. Aurreratu genizuen bezala, ostegunean, ekainak, 26, 20:00etan Try Again erakusketa inauguratuko da KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan, Madrilgo La Casa Encendidarekin elkarlanean.

Ezohiko erakusketa da, ikuslea jokalari bihurtzen baitu. Simulazioa, biolentzia eta arriskuaren kontzeptuak aztertzeko bideo-jokoa erabiltzen duten 30 artista ingururen lanak (instalazioak, monokanal bideoak eta bideo-joko elkarreragileak) biltzen ditu.

felix Huberren Ops room lana(2005). Unreal2 makinan oinarritutako PCrako jokoa. Bi erakustokietan eduki eta artista berberak izan arren, azpimarratzekoa da erakusketa bakoitza berariaz antolatuta dagoela, toki bakoitzean antolaera desberdina baitute. KOLDO MITXELENA Kulturunean, adibidez, proiektuan parte hartzen duten artista guztiak arlo desberdinetatik badatoz ere -hala nola, musikatik, performancetik, instalaziotik edo bideojokotik-, maila berean tratatuta daude denak, desberdintasunik egin gabe, eta hierarkia estetikorik ezarri gabe. Erakusketa honen oinarria artistek aldatutako bideojokoak dira.

Proiektu honetan jasotako ia lan guztiak artistatzat jo izan ohi ditugunek egin dituzte, ikusizko artistak nahiz beste diziplina batzuetakoak. Bideojokoa da -jokagarria izan edo ez- denek erabiltzen duten tresna edo, ikus arteetan tradizionalki ezarri den moduan, bitartekoa. Lehendik dauden beste batzuei erantsi beharreko bitarteko berria.

Horrela azaltzen du erakusketaren komisario Juan Antonio Álvarez Reyesek:

"Bideojokoak ideologia zabaltzeko eta mundua ulertzeko tresna indartsuak dira gaur egun eta TRY AGAIN orain horren kultur- eta ikus-azterketako proiektu bat da".
Proiektu honetan ikuslearen zein jokalariaren parte-hartzea gogotsua da. Ikusleak jokalari bihurtzen dira, ekintza ezinbestekoa duten zenbait lan baliatuta, lanak zentzua izango badu. Bestalde, bideojokoetako jokalariak, une batez bada ere, bere ekintzen eta horiek dituzten ondorioen ikusle izatera bultzatzen da.

Feng Mengboren Q4u (200-2004) lana.  Instalazio elkarreragilea / performancea / Online proeiktua. The Renaissance Society-k Documenta 11rako ekoitzia. Eraldaketarako eta hausnarketarako gonbidapena
Erakusketaren izenburua, Try again -inprimatu ez den azpititulua simulazioa, indarkeria eta arriskua delarik-, aukeratzerakoan asmo bikoitza izan da garbi; eta ingeleseko izenak keinu bat egiten dio munduko hainbat lekutan lehendik antolatutako erakusketen tradizioari eta, nolabait ere, bideojokoetan zabalduta dagoen hizkerari.

Alde batetik, jokalari trebeago bihurtzeko entrenamendu gisa beharrezkoa den errepikapena egongo litzateke. "Saiatu berriz" esatea bezalako zerbait izango litzateke, errepikatzera animatzeko.

Bestetik, beste "saiatu berriz" bat egongo litzateke, orain artekoa ez den beste modu batean egiten saiatzea. Hau da, eraldaketarako, aldaketarako gonbidapena izango litzateke; eta, hain zuzen ere proiektu honetan biltzen diren hainbat diziplinetako artistak horren adibide onak izan daitezke beren lanekin, bideojokoen gainean egindako aldaketekin edo beste bideojoko batzuk sortzen izandako parte hartzearekin.

Azkenik, zehaztasun kontzeptualetik begiratuz gero, ikus dezakegu -ikuspegi kritiko batetik- hiru gairen inguruko hausnarketa egin nahi dela: batetik, simulazioaren eta ikuslearen arteko erlazioari buruz; bestetik, indarkeriari eta jokalariari buruz; eta azkenik, arriskuari eta testuinguru artistikoari buruz.

Parte hartzen duten artistak
Aram Bartholl, Tobias Bernstrup, John Paul Bichard, Bong+Dern productions, Brody Condon, Yan Duyvendak, Mengbo Feng, Dora García, Pierre Giner, Iñaki Gracenea, Felix Stephan Huber, John Klima, Joan Leandre/Ali Abu/Toni Serra, Joe McKay, Eva Mattes & Franco a.k.a. 01001011101, Molleindustria, Newsgaming, Anne-Marie Schleiner & Luis Hernández, Palle Torsson, Magnus Wallin.

Workshopa Artelekun
KOLDO MITXELENA Kulturunean irailaren 27ra arte egongo den erakusketaz gain, irailaren 8tik 12ra bideojokoari buruzko workshopa egingo da Artelekun, proiektuan parte hartu duten kritikari, artista eta performerren eskutik.


Try Again

-Data: Ekainaren 26tik irailaren 27ra KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan.
-Ordutegia: Asteartetik larunbatera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.
(Astelehen, igande eta jaiegunetan itxita)

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net