
gipuzkoakultura - erakusketak
Irailaren 19tik azaroaren 17ra Batekmila-Euskal Munduak erakusketa izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran. Euskal Kultur Erakundeak eta KOLDO MITXELENA Kulturuneak elkarrekin ekoiztutako erakusketa honek euskara eta euskal kultura ezagutzera gonbidatzen du bisitaria. Hainbat prozedura teknologiko eta interaktibo erabili dira euskal mundu horien ezohiko ikuspegi eguneratua eskaintzeko.
Erakusketak gaur egungo hainbat artistaren (argazkilariak, idazleak, musikariak, errealizadoreak...) ikuspegiak biltzen ditu eta ikus-entzunezko unibertso baten bihotzean bidaia sentikorra egitera gonbidatzen gaitu, artista hauen ikuspegi gurutzatuek osatutako kaleidoskopioan zehar.
Euskal Herriko eta diasporako euskal munduak ditu aipagai hainbat hizkuntzatan: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. Hala, leiho bat irekitzen die hizkuntza eta kultura batek lotzen dituen nortasunei.
Batekmila-Euskal Munduak erakusketa Batekmila programa zabalaren emaitzetako bat da. Programa honen helburua hau da: Euskal Herriko hizkuntza eta kultura berezitasunak azpimarratu eta ezagutaraztea.
Ordutegia:
Asteartetik larunbatera: 10:30etik-14:00etara eta 16:00etatik-20:30era
Igande eta jaiegunetan itxita.