gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abenduak 2, asteartea

gipuzkoakultura - erakusketak

« Amondarain, kopiaren inguruan | erakusketak | Amondarain, beste kopiarena »

Nor zen Isidoro Guinea? (bis)
2007/04/18

Erakusketa berria prestatzen ari gara KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbaran; apirilaren 25ean inauguratuko da, eta Isidoro Guinearen lanari buruzkoa izango da. Nor zen Isidoro Guinea?

Isidoro Guinea, Anselmo Guinea margolariaren semea, 1893ko apirilaren 12an jaio zen Deustun (Bizkaian).Aitaren eskutik eman zituen lehen urratsak artean eta 1906-1911 bitartean bere prestakuntzarekin jarraitu zuen Bilboko Arte eta Ofizioetako Eskolan.Ordurako dekorazio arteak asko erakartzen zuen eta halaxe erakusten dute 1910. urtea inguruan hainbat lehiaketa eta erakusketatan lortutako sariek.

1913an Bizkaiko Aldundiaren dekorazio arteetako saria irabazi zuen eta horri esker ikasketak egin ahal izan zituen 1914 eta 1917 bitartean Paris, Milan eta Erroman.Italian egin zituen eszenografia tekniketako hastapenak eta Bilbora itzuli zenean praktikan jarri zituen zenbait antzezlanetan (Guridiren Amaia, esaterako).Urte horietan osatu zituen ikasketek bultzatuta dekorazio arteen adar guztiak landu zituen heldutasunean, hala nola, kartelgintza, barrualdeen dekorazioa, altzari diseinua, pintura apaingarria edo liburu ilustrazioa.1926an irakaskuntza lanetan hasi zen Bilboko Arte eta Ofizioetako Eskolako irakasle izendatu ondoren.

Hurrengo hamarkadan lankidetzan arituko da beste artista batzuekin, aipatzekoak direlarik 1936an Bilboko Milizianoaren Umezurtz Etxea apaintzeko asmatutako muralak; apainketa lan horretan Isidororekin batera aritu ziren garai hartan Bilbon bizi ziren artistetako asko, besteak beste Alberto, Jose eta Ricardo Arrue anaiak, Antonio Gezala, Jenaro Urrutia, Felix Arteta eta Julian Tellaetxe.

Gerra Zibila hasi bitartean bere lana Euskal Artisten Elkarteko lokaletan egiten ziren taldeko eta bakarkako erakusketetan ikus zitekeen.Erakusketetako gaiak Bizkaia, Gipuzkoa eta Kantabriako kostaldeko paisaiak eta ikuskizunak ziren.

Isidorok paperean islatzen ditu bai paisaiak baita bertan bizi den jendea, beren egitekoak eta bizilekuak ere. Alde horretatik, XIX. mendearen bigarren zatian euskal pintura kostunbrista sortu zenetik ohikoak ziren gaiak eta bere garaikideek XX. mendeko lehenengo hamarkadetan luze eta zabal landu zituzten gaiak garatuko ditu:arrantzaleak itsasoratzen; haien emazteak portuan zain eta senarren itzulera inoiz ikusi ez zutenen, arrantzaleen alargunen, nahigabea; sardina saltzaileak; txo edo itsasmutila; arrantzalearen ama...Eta, ohiko ikuskizun horiekin batera, tarteka gai ludikoagoetan jartzen ditu begiak, esaterako, hondartzako ikuskizunak udatiarrak eguzkitan gozatzen (Deba, Zarautz, Ondarroa edo Laga).

Gai horienganako duen interesa agerian gelditzen da hainbat eraikin barru apaintzeko egin zituen lanetan, adibidez, Milizianoaren Umezurtz Etxearen apainketan izandako parte hartze entzutetsuan edo Mundakako portua irudikatzen duen beiratearen bozetoan. Aldi berean burutu zituen dekorazio arteen adar ugaritan egindako lanak, zenbait olio-lan eta koloretako arkatzez egindako marrazkiak. Bizirik zegoen bitartean azken lan horiek eman zioten osperik handiena, eta erakusten zuen trebetasunagatik arkatzaren errege bezala ezagutua izan zen.Trazu zehatz eta kolore leunez egindako marrazkiak erraz ezagutu daitezke eta bertan irudikatzen dituen pertsonaiek bizimodu isila daukate, denbora etenda balego bezala. Pertsonak, eraikinak eta tresnak estilizatuak izan arren oso ondo eraikita daude, eta berezko balioaz gain interes dokumentala ere badute, xehetasun handiz landuta baitaude.



Gerra Zibilak eten egingo du hamarkadako lehen zatiko erakusketa jarduera bizia, behartutako geldialdia bilakatuz.Halere, 1937ko Pariseko Nazioarteko Erakusketarako Eusko Jaurlaritzak egindako lan hautaketan parte hartu zuen, eta orduan puri-purian zegoen gaiarekin batera –Gudariaren Agurra–, itsasoa protagonista zuten bi margolan aurkeztu zituen:Portua eta Sirimiri. Gerra ondoren Bilbon erakusketak egiten jarraitu zuen urtero, baina Euskal Artisten Elkartea desagertu zenez, Salón Arte eta Casa Alonso galerietan egingo ditu.Gainerakoan, azken urteak, gaixotasunak mendean hartuta, ez ziren oso emankorrak izan. 54 urte betetzeko atarian, 1947ko apirilaren 10ean hil zen Isidoro Bilbon zuen etxean. Berriz ere Guinea familiako beste kide bat gazterik hil zen. Isidororen aurretik aita hil zen 49 urterekin, eta anaia, 26 urterekin, etorkizun handiko karrera artistikoa bukatu gabe utzita.

Isidoro Guinea izango da, beraz, Isidoro Guinea y las artes decorativas (Isidoro Guinea eta dekorazio arteak) erakusketaren protagonista, apirilaren 25etik ekainaren 23ra.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net