gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 20, asteazkena

gipuzkoakultura - erakusketak

« Argazki handiak, hiri handiak | erakusketak | Hitzek erantzun egiten dute »

Liburu guztiak xuxurlaka dabiltza
2006/04/28

Apirilaren 27tik ekainaren 17ra arte, Charles Sandison izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakustaretoan. Finlandian bizi den eskoziar artista honek erakusketa iraunkorra prestatu du guretzat.

Ikus dezagun zer esaten digun:

Nondik nora ote doa hitza ahotik ateratzen denetik hartzailearengana iristen den arte? Hori irudikatzen saiatzen naiz batzutan. Liburutegian nagoenean ere, liburuak xuxurlaka dabiltzala iruditzen zait batzutan. Hegazti saldoa ikusten dut orduan, iparrik gabe mugitzen direla diruditela, baina bidaiatzeari utzi gabe.

Charles Sandinson eskoziarra da jatorriz eta duela 11 urte Tampere-n (Finlandia) bizi da eta egiten du lan. Glasgow-eko Arte Eskolan ikasi zuen eta 1993an graduatu zen.

2001eko Veneziako Bienalean Living Rooms lana aurkeztu zuenetik, ezaguna da nazioartean eta taldeko nahiz banakako erakusketa ugari egin ditu Europako eta Ameriketako arte-zentroetan (Suitza, Alemania, Finlandia, Frantzia, Erresuma Batua, AEB…).

Orain aurkeztuko dugun The reading room / Irakurgela / Sala de lectura erakusketa, erakustokia kontuan hartuta presatu du artistak, hori egiteko gonbitea jaso ondoren. Erakustaretoa liburutegiaren azpiko solairuan dago eta horrek eragin handia izan du proiektua moldatzeko orduan. Hala, proiektuko obra nagusiak (The reading room) aretoaren erdigunea eta patioak zeharkatzen ditu; azken batean, obra nagusi horren izena aukera du erakusketaren izenburu.

Artistak berak dioen bezala:

Obra liburutegi baten azpian egotea ez da kointzidentzia bat. Esan liteke erakusketa lekuaren gaineko apaletan dauden liburuen orrialdeetako hitzek ihes egin dutela eta beren kabuz unibertso bat osatu dutela azpian dagoen kobazuloan, mendien azpian bizi ziren izakiei buruz hitz egiten zuten antzinako historiak eta legendetako baten modura dago antolatuta. Historiak besterik ez dira, baina horien sustraiak giza portaeraren oinarrizko bulkadetan jaiotzen dira.

Charles Sandisonek erakusketa lekuaren arabera prestatzen ditu bere instalazioak. Berak sortzen dituen ordenagailuko programak abiapuntutzat harturik, eta egitura osagaitzat hitza (kasu bakoitzerako berak aukeratzen duen hizkuntzan), zeinuak eta zenbakiak erabiliz, bideo proiekzioen instalazioak egiten ditu, non irudiak espazio arkitektonikoaz jabetzen diren (paretak, lurra, ateak, leihoak...), gurutzatzen diren, elkar erakartzen duten, elkar uxatzen duten, irudiak sortzen dituzten, hondatzen diren, bakoitzak portaera jakin bateko mugimendu iraunkorra duela. Erakusketa honetan hitzak dira osagai nagusia. Hitz lauak dira, erraz eta azkar ulertzekoak, ikuslea harrapatu eta obraren egile bihurtzen duen indar emozional handikoak.

Espazioaren arkitekturak eragin handia du artelanean; hitzak, ateen eta zutabeen inguruan mugitu ahala, beren burua moldatzen dute pareten egitura-ezaugarrietara. Hitzek beren gurua zein ingurunetan aurkitzen duten, halakoa izango da haien bizitza.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net