Jakina
den bezala, mende honetako ingeles idazle onenetariko bat izan zen Virginia
Woolf. Eta bere nobela ezagunak baztertu baditut ere, "Norberaren gela"
saio laburra komentatzeagatik, liburu honek nigan eragin handia izan duelako
da, betidanik asko interesatu zaidan gai bati buruz jarduten baita: emakumea
eta artearen arteko harremanez.
Kontutan
hartu behar da, 1929 urtean idatzi zuela Virginia Woolf-ek liburu hau.
Berak 47 urte zituen, nobela batzuk idatzita zeuzkan, besteak beste: "Jakue-ren
gela" (1922) eta "Mrs. Dallowey" (1925) eta Bloomsbury deituriko
taldearen ardatzetakotzat kontsideratua zegoen. Esan dezagun, baita ere,
lehen mundu gerraren ondoko urte haietan, ingeles emakumeen egoerak aldaketa
ugari ezagutu zuela: etxetik kanpoko lanaren mundua zabaldu zitzaien emakumeei,
boto eskubidea lortu zuten sugrafisten borrokaren ondorioz, baita nork
bere dirua administratzeko eta zenbait unibertsitatetan sartzeko eskubidea
ere.
Beraz, "Norberaren
gela" liburua, Virginia Woolf-ek emakumea eta nobela gaiaz eman zituen
bi hitzalditan oinarritua dago. Agian, hortik datorkio idazkerari solas
giroa eta aldi berean eruditoa den kutsu berezia.
Liburua zabaldu
orduko, hauxe da lehenengo galdera: "Baina, emakumea eta nobelaz hitzegiteko
eskatu diogu, esango didazue. Zer du ikustekorik horrek norberaren gelarekin?"
V. Woolf-ek antzematen du irakurlearen harridura, eta berehala aurreratzen
digu orrialdeetan zehar azalduko diguna:
"Eskein
diezazuekedan gauza bakarra, garrantzi handirik gabeko eritzi bat da:
emakume batek, dirua eta gela bat behar dituela nobelak idazteko".
Nola eta
zergatik ailegatu den konklusio honetara, zer izan beharko lukeen beretzat
emakume bezala idazteak eta beste erizpide batzuk azalduz joango zaigu,
erudizioa eta fantasia tartekatuz.
Shakespearen arreba
Fantasia aipatu dugu, eta berak dioen bezala, emakumeei buruzko datoak
falta direnean, guztiz zilegia da fantasiara jotzea. Beraz, eman dezagun,
Shakespeare-k arreba bat izan zuela. Judith izenekoa eta gainera, bere
neba bezala, arterako dohaiez betea...
Virginia
Woolf-ek proposatzen digun ipuinaren jarraipena ez da asmatzen zaila.
Judith ez zen eskolara joan. Nebaren abenturazaletasuna, irudimena eta
mundua ezagutzeko grina berberak zituen, baina mutila eskolara joan zen
eta Judith ez. Ziur asko, Judith-ek asko irakurriko zuen eta bere koadernoan
ipuinak idatziko zituen, ondo gorde edo erre beharko bazituen ere. Bestela,
zer pentsatuko ote zuten beraz? Hamazazpi urterekin merkatari baten semearekin
ezkondu nahi zutelako aldegingo du etxetik eta London-erako bidea hartu.
Antzerkia laket zaio, nebari bezala, eta kamerino ateetan zelatan egongo
da lana eskatuz. Irainak eta zakarkeriak, besterik ez du jasoko... Seduzitzen
ere saiatuko dira eta azkenean, noski, haurdun geldituko da.
Ziur aski,
negu-gau batean, bere burua botako zuen, eta auskalo, zein bazterretan
lurperatuko zuten, gaur egun autobus geltoki bat dagoen lekuan, agian.
"XVI.
mendean jaiotako talento handiko edozein emakumek- dio V. Woolf-ek
- erotu, bere burua hil edo herritik kanpoko etxe bakarti batean bukatuko
zuen, erdi sorgin, erdi azti, beldur eta irainen biktima."
Eta ez bakarrik
XVI. mendean. Geroago ere bai. Emakumeak, gizarteak ezarritako papera
gainditu nahi izan duen bakoitzean, irain, sermoi edo arbuioa besterik
ez du jaso. Herri guztietako literaturaren historian agertzen dira emakume
arraro, zoro edo dama bakarti hauek, zeinak, gizarteak inposatutako mundu
hertsia, bertso edo nobeletan transzenditzen saiatu baitziren, irakurle
eta kritikarik gabe. Oihartzun izpirik gabe. Maiz, gizonezko baten izenaren
atzean ezkutatu ohi dira, bere izen ona hobeto gordeko dutelakoan.
Dena den,
kasu hauek deigarriak badira ere, beren idazlanak ez dira oso interesgarriak,
literaturtasun aldetik bederen: kexa, arrengura eta haserreaz kutsaturik
daude. "Espresio-forma pertsonal hunkigarriak baina gutxitan arte lanak",
V. Woolf-en iritziz.
Norberaren gela eta bostehun libra
"Izan ere, zer behar du idazlan batek, lan literario, arte lan, kontsideratua
izateko?", galdetzen dio Virginia Woolf-ek bere buruari. "Zein
da jarduera arraro hori bultzatzen eta posible egiten duen egoera mentala?...
Artea ez
dabil hodeietan, bizitzaren baldintza materialen arabera baizik. Hau da,
arte lanak independentzia eskatzen du: norberaren gela eta dirua. Baita
independentzia pertsonala ere: mugitzeko askatasuna eta sorketa lana bultzatuko
duen esperientzia ugari ere. Beraz, egoera mental libre eta irekia.
Baldintza
hauek oso gutxitan ematen badira gizonezko artistengan, are latzagoa da
egoera emakumeen kasuan. XIX.mende arte, norberaren gela bat edukitzea
pentsaezina zen emakume askorentzat. Dirua? Sexu pobrea izan da emakumearena.
Hauek ez zuten dirua irabazten eta dirudunak baziren ere, legeek ez zieten
dirua beren gisara erabiltzen uzten. Gizonezkoek izan ohi duten mugitzeko,
bidaiatzeko, bazterrik bazter ibiltzeko askatasuna debekatuta zegoen emakumeentzat.
Beraz, baldintza hauek direla medio, ez da, noski!, Shakespeare bezalako
geniorik sortu emakumeen arten. Zeren, ondo ala gaizki "genio" deitutako
hori, ez da berezko zera arraro bat. Baldintza egokiak behar ditu sortu
ahal izateko, eta emakumeak baldintza hauek aurkakoak izan ditu betidanik.
Hona hemen,
bada, V. Woolf-entzat, idazle izateko lehenengo abiapuntua: norberaren
gela eta 500 libra. Gutxienez.
Azken oztopoa
Hala ere, dirua eta espazioa ez dira nahikoak. Azken oztopo bat gainditu
beharrean aurkitzen da emakume idazlea: emakume bezela idazteko gai izatea,
hain zuzen. Hau da, norberaren ikuspuntuari eta errealitatea sentitzeko
erari uko egin gabe idaztea, besteren usteak, gizonezkoen erdeinu edo
irainak kontutan hartu gabe jardutea, jendarteko eritzia mugatu gabe idazten
jarraitzea. "Egia esan ezazu eta ondorioa, interes handikoa izango
da, derrigorrez", esaten du V. Woolf-ek.
Egia esate
horri, idazlearen integritatea deitzen dio. Eta integritate horren izenean,
beste zera azaltzen digu. emakume bezala idazteak, sexuaz ahaztutzea esan
nahi duela, nolabait. Emakume gisa idatzi, baina emakumea dela ahaztu
duen emakume bezala. Izan ere, idazlearentzat androginoaren izaera eskatzen
du, non emakume eta gizonezkoen izaerek bat egiten duten: "Oso txarra
da idazten duen edonorentzat bere sexuaz pentsatzea. Bakoitzak, gizonetik
zerbait duen emakumea ala emakume zerbait duen gizona beharko luke. Emakumearen
kalterako da bere emakume izateari buruz konszienteki hitzegitea, kexuren
bat azpimarratzea, kausa baten alde jokatzea, nahiz eta kausa hori guztiz
zilegia izan"- dio V. Woolf-ek bere liburuan.
Berak, Coleridge-ren
hitzak bereganatzen ditu: sorketa lanetan androginoak izan behar. Zeren
bestela, ez bada artistaren baitan bi sexuen ezkontza gertatzen, ondorio
artistikoak txarrak izango baitira. Horrela idatzia, egun pare batez ederra,
lilugarria, erakargarria gertatzen bada ere, hurrengo egunerako ihartuko
da, loreak ilunabarrean bezala.
Beraz, V.
Woolf-en eritziz, emakume idazleek lortuko balute azken oztopo hau
gainditzea, orduantxe ezagutuko genuke emakumeen benetako mundua, orain
arte deskubritu gabekoa. Mundu horretaz, gizonezkoek ikusi eta interpretatu
nahi izan dutena, besterik ez du ezagutu. Askotan, irudi hori partziala
eta desitxuratua izan da, arrotzat emakumearentzat berarentzat.
Hona hemen,
hitz gutxitan adierazita, "Norberaren gela" liburuaren ideia nagusienak.
Oraindik gaurkotasun handia duela iruditzen zait, emakumea eta literaturari
buruz idatzi den oinarrizko irakurketa baita, iradokizunez beteta, patxadaz
irakurtzea merezi duena. |