
gipuzkoakultura - argitalpenak
Hornbrook: Euskal Herria Lehen Karlistaldian bi militar britaniarren iruditan erakusketa birtuala aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zumalakarregi Museoak.
http://www.albumsiglo19mendea.net/hornbrook/eu helbidean, Richards etaThomas HORNBROOK aita-seme britaniarren hainbat marrazki, akuarela eta grabatu daude ikusgai; hain zuzen, Lehenengo Karlistaldian Euskal Herrian izan zuten esperientzia erakusten dute irudiek. Eguneroko bizitzako ekintzak, paisaiak, Britaniar Lejioak gobernu liberalaren alde eta altxamendu karlisten aurka burututako ekintzak...
Gipuzkoako Foru Aldundiak Richards aitaren koaderno bat eta Thomas semearen hainbat akuarela eta irudi ditu. Erakusketa birtual honen helburua lan horiek erabiltzaileei modu errazean helaraztea da.
XIX. mendea guztion eskura
XIX. mendeko albuma kultur webgunearen osagai bat da. Bertan foru bildumetan jasotako Euskal Herriko 4.000 irudi inguru aurki daitezke. Gipuzkoako bost dokumentazio zentrotan bildu dira irudi hauek: Koldo Mitxelena Kulturunea, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa, Untzi Museoa eta Zumalakarregi Museoa.
Erakusketa birtual hau XIX. mendea ezagutu edo ikertu, zein garai hori islatzen duten irudiekin gozatu nahi dutenei zuzenduta dago. Irudiak erabilera librekoak dira, beti ere jatorria aipatuta eta hezkuntza, ikerketa edo onura pertsonalerako erabiltzen badira. Helburu komertzialetarako erabili nahi dituztenek Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskatu behar dute.