
gipuzkoakultura - argitalpenak
Euzkadiko Gudontzidiak Guda Zibilean izandako ibilbideari buruzko webgune berria sarean da. Itsas gudontzidi berezi honi buruzko informazio zabala aurkituko duzue www.gudontzidia.eu zein www. marinavasca.eu helbideetan.
Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) amaitu zenetik 70 urte beteko dira datozen egunetan. 2006an hasita, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiekin eta udal batzuekin lankidetzan eta memoria historikoa berreskuratzeko organizazio batzuen laguntzarekin, zenbait ekitaldi bultzatu ditu gertakizun horiek gogoratzeko. Ekitaldi horien barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Matxitxako Elkartearen -Euzkadiko Gudontzidiko kidez eta horien senitartekoz osatua- lankidetzarekin, zenbait ekimen sustatu ditu gure historiaren berri izan dezagun eta itsas gudontzidi berezi horri omenaldia egiteko: 2007an Euskadiko Gudontzidiari buruzko erakusketa babestu zuen, Untzi Museoak argitaratutako liburua berrargitaratu zuen 2008an, eta orain Euzkadiko Gudontzidiak Guda Zibilean izandako ibilbideari buruzko webgunea jarri du abian.
Juan Pardo San Gilen Euzkadiko Gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39) liburuaren materialekin osatu da webgunea, baina orain arte gordean egon diren material berriak ere gehitu dira.
Bi datu-base ditu: batek gudontzidian aritu ziren pertsonak jasotzen ditu; besteak, ontzi bakoitzaren deskripzioa eta historia. Guztira 5.000 orri inguru ditu (dokumentuak, ontzien historiala eta kideen fitxak), 600 irudi (asko eta asko webgunerako bildu eta prestatutakoak), eta garaiko 220 dokumenturen transkripzio edo kopiak. Multimedia atalean, lau ikus-entzunezko ditu. Horietako bat webgunerako sortu dute bereziki, Euskal Filmotekan zeuden 1937ko irudiekin.
Gainera, 200 lotura biltzen ditu, Euzkadiko Gudontzidiari buruzko dokumentu, argazki, garaiko prentsa eta ikus-entzunezko gehiago dituzten orrietara iristeko.
Laburbilduz, ekarpen handia da Guda Zibileko Euzkadiko Gudontzidia ezagutzeko eta, beraz, gure itsas historia ezagutzeko.
Euzko Gudontzidia
Euzkadiko Gudontzidia Gerra Zibilean parte hartu zuten gudu taldeen artetik bitxiena eta gutxien ezagutzen zena izan zen. Eusko Jaurlaritzaren esanetara aritu zen gainera, eta horrek esanahi politiko berezia ematen dio. Eusko Jaurlaritzako Defentsa Kontseilaritzak sortu zuen 1936ko urrian, Armada Errepublikarrari bere itsasaldeko trafikoa eta arrantza jarduera babesten laguntzeko, baita euskal portuetarako sarrerak minetatik garbi izateko ere.
Indar hori antolatzeko Gudontzidiaren buru zen Joaquín de Egiak “gudarako ontzi” bihurtu zituen Bilbon babesean eta ezer egin gabe zeuden berrogeita hamar bat arrantzontzi. Gehienak Pasaiako arrantzontziak ziren, bertara iritsiak portu hura ebakuatu behar izan zela eta.
Batzuetan, artilleria jarri zuten zaintza eta eskolta lanak egiteko (bou armadunak), eta beste batzuetan itsas azpiko minak topatzeko aparejuak. Ontzi guztiei gris kolorea eman zitzaien, eta alboetan beren izenaren lehen letra eta zegokien zenbakia zeramatzaten. Brankan ikurrina zeramaten, eta popan Errepublikako bandera. Basea Portugaleten zuten.
Gudontzidiaren oinarria bou armadunak ziren. Aukeratu zituzten lehenak Pasaiako PYSBE enpresaren lau bakailao-ontzi izan ziren: Mistral, Vendaval, Euzkal-Erria eta Hispania. Eusko Jaurlaritzak izen berriak eman zizkien: Gipuzkoa, Nabaŕa, Bizkaya eta Araba hurrenez hurren. Geroago, beste bou batzuk gehitu zituzten, txikiagoak: Donostia, Goizeko-Izaŕa, Ipaŕeko-Izaŕa, Gazteiz, Iruña.
Ontziotako tripulatzaileak boluntarioak ziren, berez merkantzi ontzietan eta arrantzakoetan zebiltzan itsasgizonak ziren, prestakuntza militar gutxikoak edo batere gabekoak baina lanean gogotik, diziplina eta motibazio handiarekin, aritzeko prest zeudenak. 900 lagunetik gora ibili ziren Euzkadiko Gudontzidian. Gehienak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostako herritatik zetozen, baina baziren arabarrak eta nafarrak ere, baita galiziar ugari ere, eta Kantabriatik, Asturiasetik, Andaluziatik, Aragoitik, Gaztelatik, Madrildik, Murtziatik eta Kataluniatik etorritako gutxi batzuk ere bai.
1937ko ekainean Bilbo erori zenean, euskal ontziak Santanderrera joan ziren. Ontzi batzuk, tripulazio eta guzti, Errepublikako ontzi bihurtu ziren, eta Asturias eta Santander aldean ibili ziren. Errepublikar Iparraldea ebakuatu zenean, 1937ko urrian, amaitu zen gudontzidiaren ibilbidea, nahiz eta, paperen arabera, hilabete batzuk gehiago iraun zuen. Marinel batzuk preso hartu zituzten, baina gehienak Frantziara joan ziren ihesi, eta askok gudarekin jarraitu zuten Errepublikako guda-ontzietan edo Karabineroen Flotatxoan.