gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2010(e)ko martxoaren 21, igandea

gipuzkoakultura - argitalpenak

« Krisi kabinetea. Katalogoa | argitalpenak | 500 orri baino gehiagoko itsas historia »

Manuel Lasarteren antologia Auspoarekin
2008/10/16

Manuel Lasarte. Iturria ondare liburuaren azala Auspoa bilduman liburu berria dugu: Manuel Lasarte. Iturria ondare. Liburu honekin, Antonio Zavalak hasi zuen argitalpen bildumak 311 ditu dagoeneko. Azken honek, gainera, CD bat ere badakar.

Manuel Lasarte Leitzan, bere omenezko monumentuaren ondoanManuel Lasarteren bertso eta hitzak bildu ditu Iñaki Zubizarretak Auspoaren liburu honetan: "Manuelen bertso eta hitz lauz josia dator liburua, haren antologia moduko bat denez, hain zuzen. Hemen aurkituko duzue Manuel seme zintzoa, senide gazteena, lanean hezia, ferratzaile eta errementari trebea, oinazeak zaildua, espirituz jantzia, bertsolari paregabea, kantari ederra, guraso arduratsua, aitona kariñosoa, kontu-kontalari gozoa".

Manuel Lasarteren oroitzapenak ezagutuko ditugu bertan, haurtzarotik hasita:

"Ni naiz 1927’garren urteko 16’garren egunean jaio nintzana Leitzako Franki baserrian. Gu zortzi senide giñan guztira. Frankin jaio ta azi giñanak; eta ni nintzan zortzietatik gazteena, ala bearrez norbaitek bear zuen-da. Nere aurreko arrebatxo bat an il zan. Joakina, zortzi urte zituelarik. Meningitis edo gaitz gogor batek menderatu zuen gaixoa. Beraz, zazpi senide gelditu giñan bizirik eta aurrera jarraitzeko geure gurasoekin Franki baserri zaarrean: Tomas, Juan, Jose Migel, Katalina, Migel Jose, Eusebio eta ni, Manuel."
(...)
"Gaztetasuna aspaldi pasa zitzaidan eta orain aurtzaroko ixtori politak gogoratzen zaizkit. Leitzako Franki baserrikoak, ain zuzen. Urte zoriontsuak antxe pasa bainituen, gutxi izan baziran ere."
Eta, nola ez, bere bertsoak irakurri...
Gure aurreko aitonak bota
zuten amaika izerdi,
sasitegiak biurtzeraño
soro, baratz ta belardi;
orduan etzan izango orain
aña gazte buru-argi,
baño langille geiago askoz
ori ikusten da garbi.

Guk landa eginda beste batzuek
gizendu eta guritu,
jokera orrek ez ditu gure
biotzak gutxi zauritu;
esango nuke emen alperra
zergatik dan ugaritu:
langille onik ez dutelako
bear bezela saritu
... eta entzun; esan bezala, oraingoan, CD bat ere baitugu Auspoan. Hemen duzue bertan jasotako bertsoetako bat:

-Nere bizitza estuba (MP3; 5,9 MB)

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2010 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net