gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 20, asteazkena

gipuzkoakultura - argitalpenak

« Non, nondik, alde, aurka, Gabriel Villota Toyos-en liburua | argitalpenak | Beste bi pauso Bertan digitalizatzeko bidean »

Eguberriak udan, Auspoarekin
2008/07/23

Gabon eskeko kantuak liburuaren azala Auspoa bildumaren liburu berri bat dugu esku artean. Udan gauden arren, eguberritan mugiltzen gaituen liburu bat, hain zuzen. Antonio Zavalak hasitako bildumaren 310.a dugu Gabon eskeko bertsoak (1814-2000) liburua. Izenak dioen bezala, ia 200 urteko tradizioa biltzen du.

Gabonetan bertso eskean ibiltzeko ohitura aski ezaguna da gure artean. Garai batean horretarako bertsoak sortu egiten ziren. Bada, horietako batzuk biltzen ditu esku artean dugun liburuak. Lehenengoak 1814. urtekoak dira, eta azkenak, 2000koak. Ia 200 urteko altxorra, beraz, irakuleen gozamenerako.

Bertso hauen iturriak anitzak dira: bertsopaper zaharrak, aldizkariak, atxibo-zokoetan aurkitutako esku-izkribuak, aiton-amonen ahotik... Posible izan denetan, doinuak ere bildu dira; irakurleak berak erabakiko du ondoan doinurik ez dutenak nola abestu.

Ikus dezagun, adibidez, 1814ko Eguberrietan Donostiako San Bizente Elizako abesbatzak abesten zituen bertsoak:

1
Esna ari, Pratxubel,
ator, Antoniyo,
erotu dek nere ustez
gure Gregoriyo;
arestiyan pasa dek
ojuka mendiyan
Jesusa jaio dala
Beleneko erriyan
.

2
Guazen, para gaitean
lasterka bidean,
Jesus Aur eder ura
arkitu artean;
arra izar argi bat
begiyen aurrean,
Jarriko gaitubena
Belengo lurrean.
Ondokoak, berriz, 1918an argitaratu ziren, eta Orion eta Zarautzen abesten dira:
Olentzaro-abestiyak
1
Salto ta gabriolka,
indarrez beteta,
artzai makil-luze bat
igo dek presaka;
diyo baserrietan
para-para juaz tronpeta:
-Esna zaitezte danok
Jesus jaio’ek eta.


2
Esna ari, Pratxuel,
ator, Antoniyo,
erotu dek nere ustez
gure Gregoriyo;
or zatorrek saltoka
ojuka mendiyan,
Jesus jaio dala-ta
Belengo erriyan.

Bistan da, urteak pasata ere, eta aldaketak aldaketa, bertso hauek, tradizio hauek, badirautela.

Diseinu berria, helbide berria
Bildumako 310. liburua plazaratzearekin batera, orain artekoak biltzen dituen webgunea berritu dugu. www.gipuzkoakultura.net/auspoa helbidean aurkituko duzue.

Webgune berri honek ez dakar itxura aldaketa soilik. Izan ere, webgune irisgarria da. Hau da, webgunea egiterakoan W3Cko (World Wide Weberako Partzuergoa) kide den WAIk ezarritako irisgarritasun arauak bete ditugu, edozeinek erabili ahal izateko muga teknologiko eta pertsonalak alde batera utzita.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net