
gipuzkoakultura - argitalpenak
« Gipuzkoako Artxibo Orokorraren liburu digital berria,
industria-arkitekturari buruzkoa, irudiduna |
argitalpenak
| Hainbat urteren katalogoa »
Esku artean dugu KOLDO MITXELENA Kulturunearen 2007ko memoria. Bertan, urtean zehar izan ditugun jarduerak, erakusketak, argitalpenak eta liburutegiari buruzko estatistika datuak bildu dira lau atal nagusitan: Erakusketak; Jardunaldiak, zikloak eta hitzaldiak; Argitalpenak; eta Liburutegia.
KOLDO MITXELENA Kulturunea Gipuzkoako hedapen artistikoaren erreferente nagusietarikoa da, eta arte garaikideko hainbat erakusketa hartzen ditu urte osoan, bereziki horretarako dituen bi aretoetan: Erakustaretoan eta Ganbaran. 2007an izandakoen nondik norakoak azaltzen dira memorian.
Erakustaretoak egungo artea erakustea du helburu. Urtero bospasei erakusketa izaten ditu ikusgai, horietako batzuk tokiko ekoizpenak eta, beste hainbat, Europako erakundeekin batera antolatutakoak. 2007an ondokoak izan dira:
-Dokumentuak, etorkizuneko memoria
-Sin fin. Islaren isla
-Soinu dimentsioa
-Artista Berrien XLII. Lehiaketa
-Eraiki, Bete Hustu. Espazioaren erabilerak
Ganbarak, bestalde, euskal artista adierazgarrien lana berrikustea eta gaikako erakusketak hartzea du helburu. Honatx 2007koak:
-Suite Èrotique
-Isidoro Guinea eta dekorazio arteak
-Bizitza pintatua
-Batekmila-Euskal munduak
-Biluzik
Jardunaldien atala zabalagoa da. Izan ere, era askotako kultura-ekitaldiak egiten dira egunero Areto Nagusian. Horrez gain, KOLDO MITXELENA Kulturuneak kulturarekin zerikusia duten jardunaldi, ziklo eta hitzaldiak antolatzen ditu hainbat erakunderekin batera. Horietako batzuk ohiko hitzordu bilakatu dira, apirileko Iparraldea Bertan! zikloa esaterako.
2007an argitaratutako lanak ere bildu ditu memoriak. KOLDO MITXELENA Kulturuneak kultur arloko argitalpen ugari egiten du urtero. Alde batetik, erakusketa guztien katalogo artistikoak argitaratzen ditu. Bestalde, ziklo eta jardunaldietan azterturiko egileen biografia, bibliografia eta iruzkinak jasotzen dituzten irakurketa-gidak ematen ditu argitara, bai paperean, bai euskarri digitalean. Auspoa bildumak ere aurrera jarraitu du bere ibilbidean, eta 300 aletik gora du honezkero.
Liburutegiari dagokionez, Zerbitzuen Kartaren bidez hartutako konpromisoen emaitzek eta liburutegiko estatistikek urtearen laburpena eskaintzen digute.
2007ko kontu guztiak laburpen eta argazkiz lagunduta gogoratzeko, honatx memoria:
-2007ko memoria (PDF, 6,1 MB)