gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 20, asteazkena

gipuzkoakultura - argitalpenak

« Zehar 62. Hiri ekoizpenak | argitalpenak | Webgune berria sarean »

Ikuspegi eta hitzen katalogoa
2008/02/26

Katalogoaren azala Otsailaren 20tik, Gonzalo Sánchez arte-galerista zenaren omenez antolatutako Ikuspegiaren arrastoa erakusketa dugu ikusgai KOLDO MITXELENA Kulturuneko Ganbara aretoan. Eta erakusketaren osagarri gisa, katalogoan artelanen irudiak eta beste kontu asko bildu ditugu.

Gonzalo Sánchezek Galería Dieciséis arte-galeria sortu zuen 1983an eta hil arte kudeatu zuen. 2007ko udaran hil zen, ustekabean, gaixotasun azkar batek eramanda. Galeriaren bitartez artista gazte asko bultzatu zituen, eta orain artista horiek omenaldi bat antolatu nahi izan diote. Hala azaltzen du galeristaren lagun eta erakusketaren komisario Carmen Alonso-Pimentelek katalogoaren aurkezpenean:

Erakusketa hau Gonzalo Sánchezen omenez antolatu da. Gonzalok Galería Dieciséis izeneko bere arte-galerian bide bat jorratzeko lehenengo urratsa egin zuen, egitasmo koherente eta ezin hobeto definitua eta ibilbide paregabea zituela. Egun hauetan, erakusketako komisarioa izanda artistekin harremanetan jartzen ari bainaiz, ohartu egin naiz nolako estimu eta miresmena sortzen dituen Gonzalok artista horiengan. Artista guztiak bat datoz Gonzalok Donostiako bizitza artistikoan izan duen eginkizunari buruz beren iritziak ematean, eta pozik onartu dute erakusketan parte hartzea. (...)

Galería Dieciséis arte galeriaren inauguraziorako txartela Ganbaran ikusgai dauden artelanen irudiez gain -lau eskultura eta 26 pintura- Gonzalo Sánchez gogoratzen duten testuak biltzen ditu katalogoak. Ikuspegiaren arrastoa testuan galeriaren “barnealdea” deskribatzen du Carmen Alonso-Pimentelek, alegia, Gonzalok zer irizpide izan zituen euskarri galeria sortzeko, jarraitu nahi zuen estetika-ildoa zehazteko, galeria kudeatzeko eta abarretarako. Ereduzko galeria eta galeria zuzendaria testuan, bestalde, galeriaren “kanpoaldea” nabarmendu du Edorta Kortadik: Gonzalo Sánchez Donostian finkatu zenean, hiriburuan zegoen arte-giroa, galeria-jabeak erakundeekin eta gainontzeko galeriekin izan zituen harremanak... Labur esanda, Gonzalo Sánchezek Donostian burutu zuen eginkizun kulturala.

Galerian izandako hainbat artistak Gonzalo Sánchez omentzeko idatzitako hitzak ere biltzen ditu katalogoak. Horrela gogoratzen du, esaterako, Rosa Valverdek:

Gonzalo Sánchezi agur

Gonzalo ezagutu nuenean gainditu nuen merkatuak eta Arte galeriek eragiten zidaten arbuioa. Lehen unetik bertatik, dena oso argi ikusi nuen. Lankidetzat nahi nuen munduko pertsona bakarra zen. Barre asko egiten genuen. Fisikoki, oso erraz ezagutzen zen: handia, ederra, jaun erromatarren antzekoa. Begiak batzuetan biziak zeuzkan, eta besteetan malenkoniatsuak. Humanista eta idealista zen, eta Donostian eta Espainian izen handia zeukan. Bere erakusketetan era anitzetako proposamenak zeuden, eta oso nortasun artistiko ezberdinetako artistak; hori bai, beti maila gorenekoak. Artistak zorroztasun handiz aukeratzen zituen. Bezeroekin, berriz, oso xumea zen eta nahiago izaten zuen lasaitasunez saldu.
Lanarekin gozatzen zuen bizitzaz; dena berez egiten zuen. Gustu paregabea zeukan eta perfekzionista zen, argitaratu zituen katalogoak lekuko. Amable Arias jeinuzko artista birbultzatuz, lan bikainak egin zituen.

Bihotzeko laguna, edukazio onekoa, leiala, fidela, kutuna, maitekorra eta hainbeste dibertitzen ninduena, zenbat sentituko dudan zure hutsunea!

Azkenik, urtez urte Galería Dieciséis arte galerian izandako erakusketen zerrenda aipatzen da, 1983ko lehenengotik 2007ko azkenera, Galeriak ARCOn egindakoekin eta Gonzalo Sánchezen beste lan batzuekin batera. Hauen lagungarri, erakusketa horietako batzuen gonbidapen txartelak ere bildu dira. Ondokoak, esaterako:

Clara Gangutiaren erakusketaren txartela Elena Goñiren erakusketaren txartela Isabel Baquedanoren erakusketaren txartela Julio Pardoren erakusketaren txartela Pedro Chillidaren erakusketaren txartela

Erakusketa apirilaren 5era arte egongo da ikusgai Ganbara aretoan. Ondoren, ikuspegiak eta hitzak gure oroimenean eta katalogoan gordeko dira.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net