
gipuzkoakultura - argitalpenak
Parisko Sorbonako organo-jole eta irakasle Kurt Luedersen arabera, Euskadin eta Nafarroan munduko organo erromantikoen bilduma garrantzitsuetarikoa dago.
Fenomeno historiko hau, euskal-nafar zonaldeko organo-jole eta konposatzaile ospetsuek ehun urtetan penintsula osoko kontserbatorio, katedral eta elizatan beren lana hedatzearekin batera sortu zen. Izan ere, konposatzaile hauek zuten soinuaren kontzeptua eta beren sormena ezin hobe islatzen zuen organoak.
Konposatzaile hauek idatziriko lan asko alemaniar, frantses edo estatubatuar argitaletxeek kaleratu zituzten XX. mende hasieran, musika mota honek nazioartean interes handia sortu zuela eta.
Baina beste lan asko ez zen inoiz argitaratu, eta eskuizkributan iritsi zaizkigu, askotan ondo zaindu edo gorde gabe, horrek obra galtzeko zekarren arriskuarekin. Gainera, argitaratutako musika gehiena agortuta dago gaur egun, ezinezkoa da musika denda eta argitaletxeetan eskuratzea; beraz, organo-joleentzat oso zaila da gure kulturaren ondare baliotsu hau lortzea, eta beste lurralde eta kultura batzuetako ikasle eta zaleek soilik izaten dute lan horiek ikasi eta gozatzeko aukera.
Hori dela eta, Duo Seraphin Argitaletxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 100 años de música para órgano en el País Vasco y Navarra izeneko liburua argitaratu dute. Bertan, euskal eta nafar konposatzaileek XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX. mendearen lehenengoan egindako lan ugari jaso du Esteban Elizondok, gure kulturaren ondare artistiko esanguratsu honen iraunkortasuna bermatuz.