
gipuzkoakultura - argitalpenak
Sancti Spiritus erretaula Oñatiko Unibertsitate zaharraren eraikineko kaperan dago.
Eraikin hori Rodrigo Mercado de Zuazola jaunaren aginduz egin zen, 1540. urtean Paulo III.a aita santuaren bulda eskuratu baitzuen ikastetxe bat eta unibertsitate bat egiteko, bertan hainbat zientzia irakasteko asmoarekin: teologia, zuzenbide zibila eta kanonikoa, filosofia eta beste unibertsitate batzuetan, Salamanca, Valladolid, Alcala, Paris eta Boloniako unibertsitateetan, besteak beste, irakasten ziren gainerako zientziak. Eraikina egin eta apaintzeko lanetan orduko artista garrantzitsuek parte hartu zuten.
Eraikinak eta horren apaingarriak errenazimentuko benetako arte-lanak direnez, multzo osoa Euskadiko Monumentu Nazional izendatua izan zen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak beti jakin izan du eraikinak balio artistiko handiak dituela eta horregatik eraikina berritzeko obra handiak egin ziren laurogeita hamarreko urteetan, izan ere, eraikina finkatu nahi zen, elementu garrantzitsuen balioaren berri eman, eta eraikina ondo zaintzeko behar ziren instalazioak jarri. Orduan ez zen kaperaren erretaula berritu eta lan hori egiteko gelditu zen. Urte batzuk igaro ondoren, eta kontuan hartuta erretaula nahiko hondatuta zegoela, Kultura Zuzendaritza Nagusiak konpontzea erabaki zuen, Xabier Martiarena Lasak zuzentzen duen Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzuaren pintura eta eskultura tailerreko jarduketen programaren barruan.
Sancti Spiritus kaperako erretaulari buruz esan, lehen Errenazimentuko ale ederra eta paregabea dela, Pierres Picart maisuak egina. Aldi berean ikerlan hau dela bide dokumentatu da, eta lotura eta erreferentzia zabalak agertzen ditu Gipuzkoaz kanpoko hainbat lanekiko. Pierres Picarten lan horrek, era berean, berezitasun eta originaltasun interesgarriak ditu. Izan ere Picartek, bere garaiko ereduak inspirazio iturri hartzeaz gainera, bikaintasunez erabili zituen profeten irudietan Michelangeloren Sixtotar Kaperako inspirazioa ereduak, eta modu aitzindarian txertatu zizkion erretaula horri.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2001etik 2005era bitartean Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzuko zaharberritze lantegiaren bitartez gauzatu duen erretaularen zaharberritze proiektuak oso kalitate oneko materiala edukitzeko aukera eman du, erretaula honen gainean egindako lan guztiei esker. Hain zuzen, lan horiek labur bildu dira Oñatiko Unibertsitateko kaperaren erretaula. Historia eta zaharberritzea izeneko liburuan. Aparteko egokiera da, izan ere, erretaula zaharberritzeak aukera eman du bestela nekez lortuko zen jakintza maila bateraino iristeko. Erretaula erabat desmuntatu eta era guztietako analisiak eta azterketak egin dizkiete hainbat diziplinatako espezialistek; figura eta arkitektura guztiak landu dituzte; xehetasun guztiei erreparatu diete; materialak, teknikak, estiloak nahiz egikera aztertu dituzte, baita artistaren profil psikologikoa ere.
Argitalpenaren ezaugarriak
Liburu horrek bukaera ematen dio 2001. urtean hasitako prozesuari, une garrantzitsuena berritutako obra 2005. urtean inauguratu zenean izan zelarik. Liburuaren hedapena guztiz lotuta dago kontserbazio politikarekin, eta argitalpen horren bitartez kalitate handiko informazioa emango zaio interesatuta dagoen jendeari. Bestela, informazio hori berrikuntza memorian bakarrik jasota geldituko litzateke.
Oñatiko Unibertsitateko kaperaren erretaula. Historia eta zaharberritzea liburua Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzuak, Ondare bildumaren barruan orain arte argitaratu dituen beste titulu askori gehitzen zaie.
Tituluak adierazten duen bezala, liburuak guztiz lotuta dauden bi gai aztertzen ditu, diziplina artekotasunaren aldetik begiratuta oso ikuspuntu desberdinak dituzten bi adituren eskutik: bata, arteko historiagile Pedro Echeverria Goñi, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta, bestea, Xabier Martiarena Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko tailerreko zaharberritzailea.
Bi aditu horiek profesionalki duten ospeaz gain, berritze prozesu horretan erabili duten eta liburuan agertzen den metodologia azpimarratu behar da, izan ere, bi diziplina horiek abiapuntu hartuta egindako lanak elkar aberasteko aukera eman du. Hori argi ikusten da azken emaitzaren kalitatean.
Materialen ezaugarri, osagai eta jokabideei dagokienez, historiagileak bere ikuspuntua zabaldu eta osatu du zaharberritzaileak emandako informazioaren esker; zaharberritzaileak, berriz, historia arloko informazio zehatza izan du eta horrek aukera eman dio esku hartzeko irizpide batzuk segurtasun gehiagorekin ezartzeko.
Egileak
Pedro Echeverria Goñik erretaularen azterketa sakona egin du historia eta artearen arlotik begiratuta (egilea, tankera, egitura eta dekorazioa, arte estiloa, dekorazio programa…), eta ekarpen handiak egin ditu, bai informazio berria emanez, bai lanaren beste ikuspegi bat aurkeztuz. Ekarpen horien barruan dokumentazio grafikoa azpimarratu behar dugu, izan ere, behar bezala justifikatzen ditu egilearen arrazoiak eta azalpena argitzen du.
Xabier Martiarena Lasak, bestalde, erretaula egiteko teknikari buruzko azterketa sakona azaldu digu, kontserbazio egoeraren diagnostikoa eta berrikuntza prozesua; halaber, dokumentazio grafiko ugari aurkeztu du eta egindako analisi kimikoen emaitzak jasotzen dituen eranskina.
245 orrialde dituen liburuaren 1.000 aleko tirada argitaratu da, alea 20 eurotan, eta Euskadiko liburu-denda guztietan ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundian ere eskura daiteke, Informazio zerbitzuan, eta baita Argitarapen Zerbitzuaren bidez ere.
Oñatiko Unibertsitateko kaperaren erretaula. Historia eta zaharberritzea
Pedro Echeverria Goñi eta Xabier Martiarena Lasa.
Prozesuan parte hartu duten zaharberritzaileek: Miren de Miguel, Jaime Septien, Ainhoa Rodriguez, Amaia Aranegui, Jone Mateo, Aitziber Mendiola, Xabier Martiarena Sarasola, Arantza Etxabe eta Elena Garmendia.