
gipuzkoakultura - argitalpenak
« Ataño, berriz ere | argitalpenak | Oñatiko unibertsitateko kaperako erretaula. Historia eta zaharberritzea »
Esku artean dugu José Ramón Amondarainen erakusketaren katalogoa, inprentatik atera berria, plastikoz estalia eta tinta usaina duela. Gogora ekarri nahi dugu, hala ere, erakusketa ikusteko aukera dugula oraindik ere, egun gutxi batzuez.
Erakusketaz oroitzeko tresna grafikoa izateaz gain, bi testu aurki ditzakegu katalogo honetan: Estrella de Diegorena bata eta Iban Zalduarena bestea.
Azken honen pasartea eskaintzen dizuegu jarraian, erakusketaren katalogoa eskuratzeko gonbite eta iradokizun. Sin fin, islaren isla.
Hala eta guztiz ere, egia zen egun ona zeukana: ez zuen ezer bota leihotik, eta ez zen saiatu niri zaplaztekorik ematen -behin bakarrik egin zuen halakorik, hilabete batzuk lehenago- ezta bere burua atzamarkatzen ere -hori ohikoagoa zen bere "egun txarretan", urduri jartzen zenean, eta besoetan egiten zuen batik bat; erresidentzian saiatzen ziren bere azkazalak motz mantentzen, eta arrebak ere ebakitzen zizkion noizean behin, baina batzuetan ez zen nahikoa izaten-. Egun hartan amak hitz egiten jarraitu zuen honetaz eta hartaz, beti ere Mateo nintzelakoan, eta nik ez nion aurka egin gehiago, baina apenas eman nion arraposturik; ez zirudien, bestalde, nire erantzunen zain zegoenik ere. Azkenean, pixka bat nazkatuta eta uste nuena baino goizago, alde egiteko ordua zela erabaki nuen.