gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abenduak 2, asteartea

gipuzkoakultura - argitalpenak

« Guinea katalogoan | argitalpenak | Artista-liburua »

Primerako estreinaldia AGG-GAOren Bekak/Becas bilduman (Interneten soilik)
2007/04/27

Gipuzkoako Artxibo Orokorrak argitalpen berria du libros-e-liburuak webgunean, eta gonbita luzatzen digu Gerra Zibileko urte ilunetan gure lurraldean egiten den zinemaren mundura hurbiltzeko.

Felipe Cabrerizoren La Atenas militarizada. La industria cinematográfica en Gipuzkoa durante la Guerra Civil (1936-1939), 2004 urtean Foru Aldundiak ikerketa historikoetarako ematen duen dirulaguntzari esker argitaraturiko ikerketa da, eta 2006 urteaz geroztik euskarri elektronikoan eskaintzen dugun Bekak/Becas bildumako 5. alea.

Aurrerapen gisa, egileak liburuari buruz egindako aipamena eskaintzen dizugu:



Gipuzkoako zinemagintzak Gerra Zibilaren urteetan zein bide hartu zuen aztertzen du Atenas militarizada ikerketak. Nazionalak Donostian sartu zirenean, ohiko zinemagintza-guneak, Madrilekoa eta Bartzelonakoa, errepublikarren kontrolpean zeudela ohartu zen armada frankista. Filmak ekoizteko beste gune behar zutenez –une haietan garrantzia handia zuen horrelako gune batek, bai industriaren ikuspuntutik eta baita propagandaren ikuspuntutik ere-, Donostiak bere aukera izan zuen zinemagintzaren hiriburu bihurtzeko. Eta aukera horretaz baliatzeko bazuen abantailarik Donostiak. Izan ere, zinema komertzialeko areto-sare oso garrantzitsua izateaz gain, Donostiak aterpe eman zien Frankoren aldeko artista, ekoizle eta zinemagile gehienei, hiri hau aukeratu zutenez frontetik urruti, desterruan, eroso bizitzeko.

Gerraren hiru urteetan, Donostia izan zen negoziazioen, estreinaldien, proiektuen eta filmaketen muina, beharraren, azpijokoen eta anbizio politikoen topaleku korapilatsua. Eta Italiako nahiz Alemaniako propaganda zerbitzuek ere Donostia hartu zuen beren eginahalaren jokaleku. Halatan, alderdi nazionalsozialistak eta alderdi faxistak egoitza bana ireki zuten Donostian, eta sendotzen eta garaiko publikoarengana eramaten saiatu ziren lehendik ere pisu handikoak ziren beren zinema-ekoizpenak, nola dokumentalak hala fikziokoak.

Denboraren harian, eta sortu zen unetik beretik Gerra Zibila etengabe berrikusi denez planteamendu politiko desberdinen arabera, uste eta ideia orokor jakin batzuk sortu eta finkatu dira gertaera horri buruz memoria kolektiboan, nahiz eta beti ez datozen bat gertatutakoarekin. Testu honetan saihestu nahi izan dira uste orokor horiek, eta iturri zuzenetara jo da. Testu hau prestatzeko, izan ere, gerra urteetan filmatutakotik ezagutzen den guztia berrikusi da. Aurkitu ahal izan diren iturri garaikide guztiak miatu dira, orduko prentsa eta autobiografia ezagun guztiak aztertu dira, eta artxiboetako material gehiena arakatu da, bai Espainian dagoena eta baita gatazkaren protagonisten herrialdeetan dagoena ere (Italia, Alemania, Sobietar Batasuna, Estatu Batuak, Frantzia).

La Atenas militarizada ikerketan, beraz, ikuspuntu berri batekin aztertzen dira gerra garaiko gipuzkoar zinemagintzaren gorabehera guztiak. Gehienbat gerraren lehen momentuak aztertzen dira ikerketaren lehen zatian: Gipuzkoako frontearen egonkortzea eta, batez ere, Irungo borrokaldi latza. Horren ondotik, munduko begi guztiak probintzia honi begira jarri ziren eta mundu osoko berriemaile bereziak etorri ziren, gertatzen ari zena filmatu eta ikusleei erakusteko. Baina ondorengo garaia ere aztertzen da, hau da, frontea lekuz aldatzen joan zen neurrian Donostia Espainia nazionalaren hiriburu zinematografiko bilakatu zenekoa. Garai haietan Gipuzkoa izan zen Espainia frankistako pelikulen eta dokumentalen ekoizpen-gune garrantzitsuena, eta era guztietako material zinematografikoa banatzetik eta erakustetik bizi ziren etxe nagusienak etorri ziren lurralde honetara. Izan ere, herrialde asko zeuden espainiar merkatuaz jabetzeko irrikan, zinematografiaren alde ideologikoak biziki baloratzen hasi ziren garai haietan. Ikerketaren aztergaiak dira, baita ere, garai hartako kritikaren eginkizuna, Kontxan finkatu zen kolonia zinematografiko ugariaren garrantzia, eta orduko artista eta zinegile nagusiek matxinoei eman zieten babesa. Baina La Atenas militarizada ikerketan, beste ezer aurretik, gipuzkoarren eguneroko bizitza aztertzen da, gerraren urte ilunetan zinemaren industriak gure herrialdean izan zuen garapenaren bitartez.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net