gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abenduak 2, asteartea

gipuzkoakultura - argitalpenak

« Zehar 58. Bitartean | argitalpenak | Castoriadis »

Mattin, Ahetzekoa
2006/05/31

Liburu berri bat argitaratu dugu Auspoa bilduman. Honako honetan, berrargitalpena da.

Liburu honek, orain urte mordoa atera ziren hiru liburu berriztatzen ditu, hirurak bat eginik: Mattin Treku: Ahal dena (1971) eta Etxe xokotik kantari (1981); eta Mari Treku: Mattin nerre gizona (1982).

Lehenengo biek, Ahetzeko Mattin bertsulari zenaren bertso sorta bana eskaintzen zuten: eta hirugarrenak, hura zer gizon mota izan zen azaltzen. Hirugarrengo hau Mattinek alargunak dotore idatzia. Era hortan, hura bertsulari bezala eta gizon bezala zer izan zen ikusiko dugu. Alderdi guzietarik behatuta, izan diteken alaiena eta maitagarriena noski.

Hortik hari bertsulari lagunek erantsi dizkioten tituluak: Xalbadorren: "irriaren giltza"; Azpillagak: "Ahetzeko urretxindorra"; bertze batek: "Lapurdiko danboliña"; Lazkao Txikik: "pozak kantatzen dakiena ta penak gordetzen dakiña"...

Laster beteko dira hogei ta bost urte hura ixildu zela. Lurtarrak begi bistatik alde egin eta oroipenetik ere galdu egiten direla egia da noski. Baina holakorik ez dedila oraingotz behintzat Mattinekin gertatu. Hori da liburu honek nahi lukeana.


Biografia:

Mattin Treku bertsularia 1916-X-11-n sortu zen. Lapurdiko Ahetze herrian. Harrieta etxean. Baina bertako Mulienean bizi izan da gehienik. Eta bertan hil zen 1981-VII-22-an.

Ezkondu 1947-VII-9-an egin zen. Andregaia, Senperen sortu eta Arbonan bizi zen. Mari izena, eta Olandegi ezkongaietako deitura.

Herriko tabernan kantu eta bersu aritzen ziren xaharreri mutil koxkorretan entzun eta, bera ere kantu eta bertsu hasi zen. Lehenik, bere baitan; eta gero jende aurrean.

Ondoren, 1939-ko gerla finitu eta, plazaz plaza kantatzen hasi zen, bai Iparraldean, bai Hegoaldean ere. Ezponda bertsulariak errana: zazpi probentzietan ez da eskualdunik, Mattin bertsulariaz deus ez dakienik.

Hortako laguna Xalbador zuen. Mattinek hargatik erranen zuen: hameka bertsu entzuna dauka gurekin Eskual Herriak. Bainan bai Amerikak ere, biak harat joan eta han gaindi bertsutan ibili baitziran, hango euskaldunen atsegingarri.

Mattin 1981-VII-22-an zendu zen, denbora askoan Euskal Herrian ahantziko ez den bertsulari alai eta maitatua.

- Hemen eros dezakezu Mattin bertsularia liburua.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net