
gipuzkoakultura - albisteak
Gabriel Villota Toyosen Non, nondik, alde, aurka. Arteari buruzko euskal kronikak mendearen hasieran liburuari buruzko kritika argitaratu du berriki Aritz Galarragak Gara egunkariko Mugalari gehigarrian. Uztailean esan genizuen bezala, liburu honek bi bide proposatzen ditu Euskal Herriko eremu artistikora iristeko, egilearen testu hautatuak abiapuntu hartuta. Aritz Galarragaren hitzetan, arte eta pentsamendu garaikideaz ardura duen ororentzat irakurketa baliagarria eskaintzen du Artelekuk argitaratutako liburu honek.
Hain zuzen, Profanoentzat ere bai da Aritz Galarragak idatzitako kritikaren izenburua. Ondoko lerroetan irakur ditzakezue Galarragaren hitzak:
Arte eta, zentzu zabalago batean, pentsamendu garaikidea jakin-minen artean dituenak ez du, zoritxarrez, aukera handirik horien gaineko saiakera kitzikagarri asko irakurtzeko. Ez etxeko uztan, bederen. Orain, baina, Gabriel Villota Toyos idazle eta unibertsitate irakasle bilbotarraren eskutik, Non, nondik, alde, aurka. Arteari buruzko euskal kronikak mendearen hasieran artikulu bilduma interesgarria irakurtzekok parada dugu, Arteleku beti interesgarriaren edizioan. Liburuan bildutako testu gehienak Mugalari gehigarri honetantxe kaleratu ziren 2000. eta 2004. urte bitartean. Gainontzekoak, berriz, "Zehar", "Acción paralela" eta bestelako agerkari espezializatuetan. Iritzi zutabeak dira batzuk, artista jakinen gaineko lanari buruzkoak besteak. Eta gehigarri honen jarraitzaileak testu hauetarik zenbait irakurriak izango dituen arren, testu horien guztien bilduma osatua irakurtzeko aukera ezin hobea du orain, Fito Rodriguezek hitzaurrean dioen moduan, "garai hartako arte panoramaren airetiko ikuspegi bat" osatzen dute-eta. Testuok ezagutzen ez dituztenak, aldiz, mende hasiera honetan arte eta kultura esparruetan egindakoak dastatu ahal izango ditu, gaztelaniazko orijinalak eta euskarazko itzulpenak tartekatzen dituen lanean.
Mende hasierako arteari buruzko euskal kronika hauetan asko eta askotarikoak dira lantzen diren gaiak, arte garaikidearen gisako jardun anitz eta diziplinarteko bati dagokion bezala: artea eta politikaren arteko harremanak, artea eta bizitzaren artekoak, hobetoxe kokatzeko, eta gehiegi laburbilduz, esan genezake, Benjaminen eskutik, politikaren estetizazioaren salaketa eta artearen politizazioaren aldarria dituela ardatz nagusi. Kasu konkretuetatik abiatzen ditu Villotak hausnarketa gehienak eta, hala, aipatzen direnen artean Guggenheim, Artium, Arte Ederren museoa, foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Mina Espazioa, Manifesta, Sergio Prego, Txomin Badiola, Azucena Vieites eta abar luze bat aurkituko ditugu, aldez edo moldez, hona ekarriak.
Umberto Ecok 2001ean Guggenheimen emandako hitzaldi bat abiapuntutzat hartuta, museoek egun betetzen duten funtzioaren hausnarketa agertuko digu, adibide bat jartzearren: "Funtzionamenduaren ikuspuntutik, ikuskizunaren ideologian oinarritutako merkatu gizarte batean txertatutako produkzioa aparatua" da Villotarentzat museoa, egun planteaturik dagoen gisan. Eta berandu baino lehen intuitzen da ondorengoa beharko lukeela izan egilearentzat: "Eztabaida sortzeko espazio testual bihurtzea, sinbiosiz beste zenbait errealitate soziali lotua, eta jada inoiz ez pentsatua aukeratuen uhartetxo kultural moduan". Adibide bat baino ez da, baina, hitzaurrera itzuliz, bertan azaltzen digun liburuaren bertuterik behinenan bikain ilustratzen duena: "Benetako balioa da inskribatzen den kultur politikei inoiz egirik ez kentzea, komunitate artistikoan gertatzen aritu diren mugimenduak sumatzea eta hark erakundeekin edo errealitate sozialarekin dituen harremanak zundatzea".
Procui este profani, aditu ez direnak urrun mantendu, hori hartzen du izenburutzat Villotak hemen bildu duen lehen zutabeak. Hala, testu hauetara artearen eliztarrak bakarrik hurbiludko diren kezka azaltzen badu ere, emaitza ikusita esan daiteke irakurlego zabal batentzako lana dela esku artean dugun hauxe, arte eta pentsamendu garaikideaz ardura duen ororentzat irakurketa baliagarria eskaintzen duena.