
gipuzkoakultura - albisteak
Ekainaren 15ean, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatu Maria Jesus Aranbururi egindako elkarrizketa argitaratu zuten Berria egunkarian. Gorka Erostarbek egindako elkarrizketa honetan, kulturaren alorreko gaurkotasunezko gaiak aztertzen ditu Maria Jesus Aranburuk: Praileaitz, Tabakalera, Koldo Mitxelena Kulturunea, Arteleku...
Praileaitzi buruz hitz egiten hasten da elkarrizketa:
Diputazioaren aginduz eginiko txostenaren arabera, Praileaitzeko margoak arriskuan daude, korrosio arazo larria dela eta. Zer egingo du Diputazioak horren aurrean?
Ezinbestekoa zen ikerketa horiek egitea, nahiz eta dagoen eztabaida egongo ez balitz ere ikerketa horiek egingo ziren. Ikerketen bidez jakin dugu kobazulo barruan korrosioa duten eremuak daudela, estalaktita eta banderolatan batez ere. Ez dakiguna da noiztik dagoen eta zerk sortu duen korrosioa, baina ikusi egiten da... Orain azterketa zehatzagoak egingo ditugu. Jada aginduta daude. Horrek zehaztuko digu berez dagoen giroak sorturikoa den edo, batzuk dioten moduan, bakteriaren bat egon litekeen. Hau nobedadea al da? Kobazulo honetan nobedadea da, baina ez da hori gertatzen den lehen leizea.
Pinturak arriskuan al daude?
Pinturak banderolatan daude. Horrek ez du esan nahi pinturak dauden banderolatan korrosioa dagoenik. Baina, aldamenekoan baldin badago, gerta liteke, erremediorik ipintzen ez badugu, korrosioa agertzea. Alarmarik ez nuke sortu nahi, baina azterketa lan sakona egin beharra dago Praileaitzen.
Kobazuloaren kalteak harrobiarekin lotzeko nahikoa daturik ez dagoela esan duzue, baina Praileaitz babesteko dekretua aldatzea gomendagarria izan litekeela esan duzue.
Zerorrek esan duzu, gomendagarria izan litekeela esan dugu. Guk agindu ditugun ikerketa horien emaitzak hori aholkatzen dute. Azterketa hori eginda, daturik balego korrosioa eta harrobia lotzeko, orduan eskatuko genioke Jaurlaritzari babes eremua zabaltzeko.
Martxoan aurkezturiko akordioak zintzilik utzi zuen joan den abenduan aurkezturiko plan operatiboa. Zertan da orain?
Tabakalerako zuzendaritzak abenduan aurkeztu zuen plan operatibo hori, eta hiru hilabeteko epea hartu genuen plan hori aztertu eta erabakiak hartzeko. Azterketa horren emaitza izan zen erakundeen arteko akordioa. Akordio horren arabera, proiektuaren bizkarrezurra ikus-entzunezko artea eta industria dira.
Zientzia eta gastronomiaren alorrak, adibidez, mantentzen al dira?
Espazio garaikide bat da, eta ondorioz, garaian garaiko kezkak hausnartu eta begiratu behar ditugu. Gure gizarteari begiratzen badiogu, gastronomiak garrantzi handia dauka, zer esanik ez zientziak, baina badaude beste atal batzuk: zaborrak, ingurugiroa eta hirigintza, adibidez. Beraz, ez dira baztertu.
Eta arlo horretan zer dago definiturik oraingoz?
Tabakalera zer izango den dago definiturik zehazki. Baina oraindik ere lan handia dago egiteko: egitasmoa programekin osatzea. Horretarako denbora izango dugu udatik aurrera.
Martxoan aurkezturiko akordioaren arabera, Arteleku eta Koldo Mitxelena Kulturunea (KMK) Tabakaleraren zerbitzura jarriko lirateke. Ez al da hori galera handia Diputazioarentzat?
Tabakaleraren zerbitzura baino gehiago Artelekuren eta KMKren erakustaretoak, ibilbidea eta jakintza Tabakaleraren oinarrietan txertatzen dira. Egia da, beste zenbait programez gain, KMK eta Arteleku Diputazioaren bi zutabe izan direla. Baina, Diputazioak ez dauka ondasun grina.
Koldo Mitxelena Kulturunean joango da Liburutegi Nazionala, Diputazioarena den eraikinean. Zer gertatuko da KMK-ko funtsekin, eta nork kudeatuko du?
Liburutegi Nazionalaren kokagunea hor dagoen momentutik, bere kudeaketa Jaurlaritzaren esku egongo da. Liburutegi Nazional horrek izango ditu Koldo Mitxelenak dituen ondare nagusienak. Zerbitzuak ez dira murriztuko, ugaritu egingo dira gipuzkoarrentzat.
Artelekuk, aldiz, zer funtzio izango du Tabakalera sortuta? Kulturarentzat erabiliko al da Arteleku?
Bai. Egun ikus-entzunezkoak garrantzi handia du Artelekun, eta Tabakalerak funtzio hori hartuko duenez, beste kultur adierazpide batzuetarako erabiliko da Arteleku. Espazio zabala du, eta egokia izan liteke dantzarako, antzerkirako...
Nork kudeatuko du Arteleku?
Diputazioak, orain artean bezala.
Arteleku sortu zenean erabat periferikoa zen. Udalaren hirigintza proiektua du inguruan eta erabat hiritartuko du. Ez da arriskurik bere berezitasuna eta aberastasuna galtzeko?
Egia da sortu zenean oso periferikoa zela. Gaur egun askoz ere gehiago urbanizatua dago ingurunea, eta hor dauden proiektuak gauzatzen badira, oraindik eta gehiago. Artelekuren filosofia da inportanta. Artelekuk etengabe eguneratuz joan da. Eraikin horretan, gerora ere, kulturari dagozkion atalak landuko dira, eta bere inguruko fisonomia aldatzen doan neurrian, egokituz joango den itxaropena daukat.
Hasi al zarete egituraketa berria diseinatzen, bai Artelekurena bai KMKrena?
Ez gara horretan buru-belarri jarri oraindik, baina, dudarik ez dago Tabakalerak bere ateak zabaltzen dituenerako, eta espero dugu 2013. urtean horrela izatea, horrek egina egon behar duela.
Zestoako Lili jauregia Historiaurreko Museo bilakatzeko proiektua bertan behera utzi duzue. Horren ordez, ondarea Urin gordeko dela esan duzue, baina Uri ez da museo bat izango. Beraz, Historiaurreko Museoaren proiektua zertan gelditu da?Balentziaga Museoaren aferra, kultur zentroen funtzioa, nola bizi duen gizarteak kultura eta beste hainbat kontu ere ditu hizpide Berriako elkarrizketak.
Ondarearen gordailua ez da museoaren ordezkoa izango. Bi proiektuak zeuden mahai gainean. Gordailuarena aspaldidanik datorren proiektua da, eta azkenik Irunen izango da Uri eraikinean.
Zein izango da gordailuaren funtzioa?
Hitzak dioen bezala ondarea gordetzea, bai Diputazioarena, bai Udalarena, kasu honetan San Telmo museoarena edo beste lurraldetako museoek daukatena. Atal pedagogiko bat ere izango du, zeinaren bitartez erakusketak egingo diren.
Eta museoa? Zergatik ez diozue helduko orain egitasmo horri?
Legealdi honetan eskuartean ditugun hainbat gaik bultzada eta denbora osoko lana behar dute, eta bestetik museoaren proiektuak egokitzapen bat behar duela uste dugu. Hortaz, erabaki dugu Historiaurreko Museoren egitasmoa bertan behera lagatzea legealdi honetan. Horrek ez du esan nahi etorkizunean ez denik egingo.
(...)
Aurreko batean Villabonara bisita egin zenuten. Nola dago Mintzola proiektua?
Eraikina jada amaituta dago, eta ekipamenduz betea. Uda baino lehenago han izango dira Bertsozaleen Elkartea eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa. Hala ere, Mintzola hori baino gehiago da. Ahozkotasunaren inguruan lan egin nahi du. Horretarako, fundazio bat sortu beharko dugu, arduradunak izenpetu beharko ditugu. Udazkenean hasiko gara horretan.
Aspaldian ez da Ipupomamuaren proiektuaz hitz egiten. Martxan da?
Beste egoera batean dago proiektu hori. Eragozpen nagusienak urbanistikoak dira. Asteasuko Udalak lan asko egin beharra dauka bere arau subsidiarioetan espazio hori okupatzen hasteko. Pentsatu nahi dut laster arazo hori gaindituta egongo dela, eta hala baldin bada datorren urtean obrak hastek moduan izango gara. Baina orain geldirik dago.