
gipuzkoakultura - albisteak
« Reportaje sobre el último libro digital del AGG-GAO | albisteak | Praileaitz, Tabakalera, Koldo Mitxelena Kulturunea, Arteleku... »
Ekainaren 12an urte bat beteko du Untzi Museoaren Donostia, itsas hiria erakusketak. Hori dela eta, Irutxuloko Hitzak Urte beteko ibilbidea izeneko erreportajea argitaratu du. Bertan, Nerea Lizarralde kazetariak Untzi Museoko zuzendari Soco Romanorekin hitz egin eta erakusketaren nondik norakoak errepasatzen ditu.
Donostia, itsas hiria erakusketa Untzi Museoak Donostiari eskainitako lehen erakusketa dela dio erreportajeak:
"Honekin batera abentura berri bati ekin diogu eta hiriari zor genion omenaldia egin diogu. Gure tematika Euskal Herria osoa da: Kontserberak, euskal marinak, urpeko arkeologiari buruz egin ditugu erakusketak baina Donostiari buruz ezer ez. Bilduma honetako pieza batzuk lehen aldiz erakutsi dira.Guretzat Donostiako garai historiko ezezagunenak publikoari erakusteko aukera izan da. Donostia, kortsarioen hiria esaterako. Erakusketak kritika oso onak jaso ditugu gainera. Publikoari asko gustatu zaiola ikusi dugu", esan du Soco Romano zuzendariak.Itsasoak Donostiaren historian duen garrantziaz ere mintzatzen da Soco Romano erreportajean:
Itsasoak Donostiaren historian duen garrantzia azpimarratu du Soco Romanok: "Jendeak bakarrik hondartza, Kaiaren edertasuna eta estropadak ikusten du baina ez dira ohartzen horren atzean dagoen guztiaren garrantziaz. Ez da turistentzat egindako portua. Galdetu izan digute ea portuko untziak Untzi Museokoak diren... Argi dago portuko arrantzaleak beste batzuen ondorengoak direla eta bizirik dagoen historiaren lekukoak direla. Baleazaleen eta kortsarioen portua izan da hiria. XIX. mendean aldiz, merkataritza konpainiena. Hiriaren historia itsasoarekin lotuta egon da eta dago". Turismoa XIX. an hasi zen eta hori ikuspegi bat besterik ez dela dio Romanok.Lehengo erakusketak eta Donostia, itsas hiria ere alderatzen ditu:
(...) "Joxe Mari Unsain izan da komisarioa. Aspalditik buruan geneukan gaia da eta pixkanaka gauzak ehuntzen joan gara. Oso hasiera polita izan da Museoarentzat. Lehen, gure lankide batek esan ohi zuen bezala, bonsai itxurako erakusketak egiten genituen. Txikiak eta oso landuak. Orain beste eskala bat da, bi solairuko erakusketa daukagu. Gestio aldetik ere, ez da gauza bera hiru edo sei hilabeterako, edo urtebete eta erdirako erakusketa prestatzea. Lan gehiago da eta zentro guztiak ez daude prest piezak luzerako uzteko, presioa jasaten baitute. Gainera horren luzez manten ezin ditzakegun obra horiek ordezkatu egin behar dira... eta lan handia da".Erakusketez gain, Untzi Museoak egiten dituen bestelako lanez ere mintzo da erreportajea:
Soco Romano, Jose Maria Unsain, Ana Iza, Peio Urrutia, Amagoia Etxeberria eta Gorka Lopez de Aldak osatzen dute Untzi Museoaren lantaldea. Erakusketak kudeatu eta antolatzeaz gain hainbat egiteko dituzte beren egunerokoan. Antikuarioekin harremanetan jartzen dira, piezak bilatu eta katalogatzen dituzte, ikerkuntza eta kontsulta lanak egiten dituzte edo argitalpenak prestatzen dituzte, besteak beste.Donostia, itsas hiria erakusketa azaroa arte egondo da ikusgai Untzi Museoan. Urte bukaeran, Euskaldunak eta Ozeano Pazifikoa erakusketak hartuko du lekukoa. XVI. mendetik gaur arte, euskaldunek zonalde honetan, Filipinak eta Txina eta Japongo kostaldeak barne, izandako presentzia garrantzitsua aztertuko du erakusketa honek. Honi buruz ere aritu da Soco Romano Irutxuloko Hitzako erreportajean.